Ondarea tarratatu ez dadin, josten
Sebastian Quintanilla lazkaotarrak 11 urte daramatza josteko makinak biltzen, konpontzen eta ondare horri distira ateratzen. 260 bat ditu, oso bitxiak tartean. Halakoentzat arreta eskatu du.
Eskulangintzarako eta ikasteko betidanik izan duen gogoa josteko makinetan gorpuztu du Sebastian Quintanilla lazkaotarrak, beste ezertan baino hobeto. Garai bateko makinen bilduma oparoa osatu du, duela 11 urte murgildu zenetik.
Mari Cruz Santamaria ama zenaren oroitzapenak jarrarazi zion josteko makinetan arreta. «Ama beti ikusi izan nuen josten, baita amona ere. Etxean sei senide ginen, eta amak asko josi behar izan zuen. Hil zenean, haren josteko makina gordetzeko ilusioa nuela, eta anaiei eskatu nien neuretzat nahi nuela», gogoratu du Quintanillak, makinaz beteriko garajean.
Tresna edukitze soiletik, erabiltzera pasatu zen, ordea. Beasaingo Asmube emakume elkartearen joskintza ikastaroetan hiru urtean ibili zen. Adiskide onak egiteaz gain, harra piztu zion: makinen mekanika ikertu, ulertu eta konpondu; ekoizleen berri jakin, historia arakatu… Eta han-hemenka herdoilak jota zeuden edo zaborretara zihoazenak erosi eta berreskuratu.
«Mekanika betidanik gustatu izan zait, beti izan naiz eskulangilea, inbentoak egiten, erreminta artean, gauzak nola hobetu… Burua beti horretan ibili dut».
Guztira, 260 bat dauzka. Gehienak Zamora hirira (Espainia) eramanak dauzka; 12 urtetik 16ra han ikasi zuen batxilergoa, eta hiriaz maitemendiuta, hara bizitzera joatekotan zen. Bizitzaren aldaketek, ordea, planak aldarazi, eta Lazkaora ekarriko ditu orain denak.
Makina bitxiak
Benetako museoa dauka josteko makinen arloan, berak dioenez Luis de Pedro gernikar bildumazalearen «zapata zolara» ere iristen ez den arren; milatik gora dauzka hark.
Baserrietan atzera utzitakoak, leku faltagatik etxeetatik atera nahi dituztenak, eta ezagunen bidez iristen zaizkionak jasotzen ditu. Azken aldian, Interneten ere asko erosi ditu. «Pieza garrantzitsuenak gutxiena espero duzun lekuan eta pertsonekin suertatzen zaizkizu».
Sektoreko entziklopedia bat da Quintanilla. Makina bakoitzaz, marka eta etxe bakoitzak daki zerbait. Eibarko Alfa, Elgoibarko Sigma, Singer mitikoa, Refrey galizarra, Bartzelonako La Rapida fabrikan ekoitzitako Wertheim alemaniarra… «Gipuzkoan Alfa eta Sigma oso garrantzitsuak eta puntakoak izan ziren. Izugarrizko kalitatez lan egiten zen lehen hemen. Harrigarria. Niri ez eman 100-120 euroko plastikozko horiek… Urtero ehunka joaten dira zaborrera».
Bilduma guztitik, Eibarren egindako Alicia markako txiki bat atera du. «Jostailu gisa saltzen zen, familia aberatsetako neskatoentzat. Baina benetan josten du».
Euskal museo bat falta
Euskal Herriak josteko makinak sortzen izan zuen aitzindaritza, ordea, ahaztuta dagoela penatu da Quintanilla. «Erakundeek ez dute ezer egin, eta egin beharko lukete. Jendeak ez du ezer ezagutzen josteko makinez. Museo iraunkor bat behar da,bestela, hauek denak galdu egingo dira gutxi barru».
Ondarea direla gogoratu du, hala baitira: materiala, eta sentimenduzkoa: «Amaren makina hartu, eta josten hasten naizenean, oraindik ama aurrean daukalada uste dut. Sentitu egiten dut barruan. Oroitzapen politak dira, eta buruan egoten dira. Hori bizigaia da».
Jakin-mina eta biltzeko irrika, hamaika arlotan
Aita filatelikoa zuen Sebastian Quintanillak, eta bildumazaletasuna itsatsi zion. «Nire arazoa da berrogei mila gauza gustatzen zaizkidala», aitortu du. Josteko makinez gain, objektu eta bilduma asko dauzka. Garajean gorderik daukan Fiat 600 Jungla auto txikia, adibidez. Estatu osoan sei bakarrik daude. Udarako errepidera atera nahi du. Edo Vaticanoko egunkariaren liburikiak, urteka antolatuta, latinez eta italieraz. «Orri osoko argazki zahar asko daude, garai bateko autoenak eta».
Beste pieza bat, 1902ko gramola da, zurezko tutu eta guzti. Arbelezko 250 bat disko ere baditu, harentzat. «30 bat entzunaldi irauten zuen, gastatu egiten baitzen. Orratza aldiro aldatu beharra dago, burua kamustu eta diskoa jan ez dezan». Azkena lortu duen «altxorra», 1928ko irudi proiektore bat, Cinexinen aitzindaria. Pelikula paperezkoa du. «Jaso ez banu, zaborretara zihoan».Historiaren lehena geroarekin josten ari da Sebastian Quintanilla, makinetatik harago ere.