Zumarragan genero indarkeriaren aurkako kanpaina prestatu dute
Udalak lehiaketa bat antolatu du, genero indarkeriaren prebentziorako kanpainan erabiltzeko. Irudia herritarren artean banatuko diren 2.000 poltsetan inprimatuko da
Zumarragako Udalak genero indarkeriaren prebentziorako kanpaina antolatu du, Estatu mailako itunaren eskutik jasotako diru-laguntzarekin eta Hezibide enpresaren aholkularitzarekin.
Irudi bat aukeratzeko lehiaketa antolatu du eta irudi hori gaiarekin zerikusia duten ekintza guztietan erabiliko du. Gainera, poltsak eta informazio txartelak banatuko ditu.
Egitasmo hau atzo aurkeztu zen, kultur etxean. Ekitaldian Mikel Serrano alkateak eta Arantxa Gonzalez zinegotziak parte hartu zuten. Lehiaketa bidez hautatuko den irudiaren helburua herritarrak sentsibilizatzea da.
Lehiaketa honetan edonork parte har dezake. Parte hartzaile bakoitzak hiru lan aurkeztu ditzake, gehienez. Lehiaketaren gaia genero indarkeriaren eta haren inguruko adierazpen guztien deuseztapenerako konpromisoa da eta irudiak honako testua eraman behar du: Zumarragak ez du eraso sexistarik onartzen.
Formatua eta neurriak
Edozein eratako lanak onartuko dira: collage-a, pintura, argazkia… Lanen neurria 30×40 zentimetrokoa izango da (bertikalean) eta lan guztiei kartoi mehe bat jarriko zaie atzeko aldean.
Lanak inoiz argitaratu gabeak izan beharko dute. Hilaren 31ko 13:30ak baino lehen aurkeztu behar dira Zumarragako Zelai Arizti kultur etxean. Saria 300 eurokoa izango da.
Saritutako lana telazko poltsatan inprimatuko da eta hauek genero indarkeriaren aurkako kanpainaren barruan banatuko dira. Zumarragako Udalak 2.000 poltsa inguru banatuko ditu zumarragarren artean, ekainaren amaieran edo uztailaren hasieran.
Irudia txartel batzuetan ere erabiliko da. Txartel horietan genero indarkeria kasuetan zer egin behar den azalduko da. Txartelak poltsekin batera banatuko dira.
Bestalde, lehiaketara aurkeztutako lanekin erakusketa egingo da, Zelai Arizti kultur etxeko sarreran.
Lehiaketaren oinarriak Zumarragako Udalaren webgunean eta sare sozialetan argitaratu dituzte eta ikastetxeetara helarazi dituzte.
Gonzalezek genero indarkeriaren aurkako txerto onena tolerantzia eza dela aipatu zuen. Serranok oraindik ere urtero indarkeria kasu asko salatzen direla gogoratu zuen. Hori dela eta, biek herritarrak udalak antolatutako lehiaketan parte hartzera animatu zituzten.