Goierriko turismo eskaintza, Fitur azokara bidean
Hogeita bosgarren urtez, Goitur turismo agentziak eskualdeko eskaintza erakutsiko du aste honetan Madrilen egingo den Fitur nazioarteko turismo azokan.
Osasun egoerak hobera egin ahala, udako kanpainari eta turismoari begira jartzen hasi dira arlo horretako eragileak, eta tartean, baita Goitur Turismo Agentzia ere. Asteazkenetik igandera Madrilen egingo duten Fitur nazioarteko turismo azokan parte hartuko dute, eta data berezia izango da, gainera; izan ere, Goiturrek 25. urtez parte hartuko du feria ezagunean.
Euskadi – Basque Country stand-ean emango dute eskualdeko turismo eskaintzaren berri. Gune hori hiru sailetan banatuko da: hiriburuak, touring-a eta informazio orokorra, eta Goierrik hiru ataletan izango du presentzia. Donostia Turismoko bazkide da Goitur, eta horrenbestez, hiriburuko aukera turistikoaren barruan agertuko da Goierri. Touring-ari dagokionean, Goierriko jatetxe, alojamendu, museo, errekurtso eta produktu turistiko guztiak ezagutu ahal izango dira, Goierri-Tolosaldea gidaren bitartez. Eta azkenik, informazio orokorraren mahaian Goierri Gastronomika egitasmoaren informazioa emango dute Euskadi Gastronomika gidan. Basque Highlands mapa ere, naturari buruzko mahaian egongo da eskuragai.
Eusko Jaurlaritzak aurrera daramatzan produktu eta egitasmo turistiko desberdinetan txertatu dituzte Goierriko produktu turistiko guztiak. Goitur agentziak azaldu duenez, “aspalditik gaude lanean familia turismoa, industria turismoa, ekoturismoa, senderismoa, gastronomia, touring-a, Bide Berdeak, Santiago Bidea eta beste programa batzuekin”.