Maiatzaren 29rako manifestazioak deitu ditu Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak
Pentsio eta osasun zerbitzu publiko duinak eskatzeko mobilizazioetan parte hartzeko deia egin dute Goierriko Pentsiodunek. Gipuzkoan barrena sei eguneko bizikleta martxa ere antolatu dute maiatzaren 29ko mobilizazioak girotzeko.
Datorren maiatzaren 29rako manifestazioak deitu ditu Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak. Bi helburu nagusirekin aterako dira kalera Iruñean, Gasteizen, Bilbon eta Donostian ez ezik beste hainbat herritan ere: Estatuko zein Autonomia Erkidegoko erakundeei eskatzea haien aldarrikapenak bermatzea; eta, indarrean dauden murrizketak eta ezarri nahi direnak berehala indargabetzea. Eragile sozial eta sindikal ugarik parte hartuko dute mobilizazioetan. Goierriko Pentsiodunek ere bat egin dute deialdiarekin, eta Ordiziako plazatik, asteleheneroko elkarretaratzera batu diren hamarnaka herritarren babesaz lagunduta, maiatzaren 29ko manifestazioaren inguruko xehetasunak, eta egun horri begira antolatu den bizikleta martxaren berri dute.
«Onartezina da hiru urteko mobilizazioaren ondoren lortutako konkistak arriskuan egotea eta pentsio publikoak, duinak, bidezkoak, eta nahikoak bermatzeko urrats irmorik ez ematea», kexatu da Agus Zinkunegi, Goierriko Pentsiodunen izenean.
Horregatik, ondorengo eskaerak egingo dituzte mobilizazioen bidez: «2011ko eta 2013ko pentsio erreformen eta 2010eko eta 2012ko lan erreformen murrizketak indargabetzea; 2021erako iragarritako murrizketa berriak eta Escriva jaunak sustatutako pentsio publikoen sistemaren pribatizazioa gaitzestea; Gutxieneko pentsioa 1.080 euro eta lanbide arteko gutxieneko soldata 1.200 euro; soldatetan eta pentsioetan dagoen genero arrakala amaitzea, eta ezkontidearen pentsioaren %100 alarguntza pentsiorako; erretiro aurreratua, kongresuan eta Autonomia Erkidegoetako parlamentuetan onartutako legez besteko proposamenen arabera kotizatutako 40 urterekin, zigortu gabe onartzea; eta, pertsonek bizi baldintza duinak eta osasun zerbitzu publikoak eta zerbitzu sozio sanitarioak izateko duten eskubidea bermatzea, gure osasuna bermatzeko».
Aldarri horiek ardatz, datorren maiatzaren 29an, manifestazioetan parte hartzeko deia egin diete herritar guztiei. Donostiako manifestazioa Alderdi Edenarretik, abiatuko da 17:00etan.
Gipuzkoa bizikletan
Maiatzaren 29ko mobilizazioa girotzeko, sei eguneko Bizikleta Martxa antolatu dute Gipuzkoako Pentsiodunek, Pentsio publiko duinak, erreformarik ez! lemapean. Sei egun, sei etapa, Errenterian hasita, maiatzaren 24an, Gipuzkoa osoan barrena. Donostian Alderdi Ederren amaituko da Bizikleta Martxa, maiatzaren 29ko manifestaziora batzeko.
Goierrin, bigarren etapa egingo dute, maiatzaren 25ean. Tolosatik abiatuko dira 09:00etan, eta Legorretatik iritsiko dira Goierrira. Ondoren Ordizia zeharkatu, eta Lazkaora, Lazkaotik, berriz, Beasainera egingo dute, eta 12:15ean, Ordizian sartuko dira bigarrenez. Bertan indarrak hartu eta gero , 16:00etan, jarriko dira martxan, etaparen azken kilometroak egiteko. Arratsaldean, Ormaiztegitik zehar, Urretxu-Zumarragara iritsiko dira, 17:45ak inguruan.