Aisia, kultura eta kirola izango dira haurrentzat udako gozagai Lazkaon
Haur eta gaztetxoei zuzenduta, udarako aisialdi eskaintza osatu du Lazkaoko Udalak. Kirol eta kultur jarduerak eta ikastaroak izango dira.
Udako oporretarako eskaintza gehigarria prestatu du Lazkaoko Udalak, eta izena emateko epea atzo zabaldu zuen. Haurrentzat eta gaztetxoentzat zuzenduta, aisialdiko programa, kultura-ikastaroak eta kirol jarduerak antolatu dituzte. Adinaren arabera aukera daitezke batzuk ala bestetzuk.
Izen-emate garaia atzotik maiatzaren 31ra artekoa da; lazkao.eus webgunean, udaletxean (kulturako ikastaroak) ala kiroldegian (aisia eta kirola) eman behar da izena. Hiru arloetako jarduerak ekainaren 21etik uztailaren 23ra bitartean garatuko dira.
Aisialdian, ludotekan ibili ahalko dira HH3tik LH6ra bitarteko haurrak eta gaztetxoak, 2009 eta 2017 artean jaiotakoak. Guztira 25 egun izango dituzte aktibitateekin, 09:00etatik edo 10:00etatik 13:00etara. 180 lagunentzat tokia dago.
Sormena eta robotika
Kulturaren arloan, bi ikastaro sartu dituzte eskaintzan: sormen tailerra eta robotika. Marrazketa eta collagea landuko dute lehenengoan, ekainaren 21etik uztailaren 9ra. 9-14 urte bitartekoentzat da, arratsaldeetan. Robotika 7-14 artekoentzat da, bost asteko iraupenarekin.
Kirolean, igeriketa, irristaketa, gimnastika erritmikoa, kirol dantza, tenisa, kirol anitzak, mendiko bizikleta, zesta-punta eta piraguismoa egin daitezke.