Bisita gidatuak eta tailerrak Museoen Nazioarteko Eguna ospatzeko
Igartubeiti Baserri Museoak antolatuta, gaur, landa eremuetako ekintza artistikoaren inguruko online topaketa izango da Maite Redondo artistarekin eta Idoia Unzurrunzaga argazkilariarekin
Museoen Nazioarteko Eguna da gaur. Horren harira, Ezkioko Igartubeiti Baserri Museoan, Ormaiztegiko Zumalakarregi Museoan eta Urretxuko Urrelur museoan jarduera ezberdinak antolatu dituzte gaurko zein astebururako, eguna bisitariekin batera ospatzeko. Igartubeitik antolatutako jarduerek «landa inguruneak eta ondarea berrinterpretatzen dituzte», museoak ohar batean azaldu duenez. Gaur, Konexioak. Ekintza artistikoa landa-inguruneetan online topaketa izango da, 17:30ean. Maite Redondo artistak eta Idoia Unzurrunzaga argazkilariak landa eremuetan egindako proiektuak aurkeztuko dituzte.
Larunbatean, berriz, Natur Lab familia tailerra eskainiko du MrLaspiur artista eta moda disenatzaileak Ezkioko museoan, 8 eta 12 urte bitarteko haurrak dituzten familiei zuzenduta. Baserriaren inguruan aurki daitezkeen natur elementuak erabiliz, 3D inprimaketako diseinuak egingo dituzte, 3 eurotan. 10:30ean hasi eta 13:30ean amaituko da tailerra. Larunbatean eta igandean, ate irekien jardunaldiak egingo dituzte, eta sarrera eta bisita gidatuak doan izango dira.
Zumalakarregi Museoari dagokionez, gaur Donostiako estanpen inguruko aldi baterako erakusketara doako bisita gidatua eskainiko du museoak Mikel Alberdi artxibo arduradunaren eskutik, eta larunbatean, aldiz, estanpazio tailerra izango da 6 eta 12 urte bitarteko haurrentzat, Mattin sormena artistarekin. «Atzerabidaia egingo dugu teknika hau berreskuratuz», adierazi du museoak ohar bidez.
Izen ematea, aurrez
Urretxuko Urrelur Museoak ere bat egin du Museon Nazioarteko Egunaren bueltako ospakizunekin. Gaur ate irekiak izango dituzte 10:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 20:00etara bisitariak inguratu daitezen. Antolatutako ekintzetan parte hartzeko aldez aurretik izena eman behar dute interesa dutenek, museoetara deituta edo idatzita.