Laburbira zirkuituko zortzi film labur ikusteko aukera izango da bihar Lazkaon
Topagunearen euskarazko film labur sorta ekarriko du Gerriko elkarteak. Goierrin ikusteko bigarren aukera izango da, azkena. Imanol G. Gurrutxaga lazkaotarraren 'Nigandik' dago tartean
Euskarazko film laburrak ezagutarazteko 18. Laburbira zirkuituak bihar egingo du Goierrira bigarren sartu-irtena. Lazkaoko Areria antzokian zortzi pelikula motz ikusiko ahalko dira, emanaldi bakarrean. Saioa 18:45ean hasiko da, sarrera 2 euro ordaindu behar da, eta lazkao.eus webgunean daude aurrez ere salgai.
Apirilaren 21ean hasi zen Laburbiraren zirkuitua, eta ekainaren 4ra arte, Euskal Herriko 28 herritan antolatuko dituzte emankizunak. Askotan, zirkuituko parte diren zortzi filmetakoren bateko zuzendarien solasaldiak izango dira.
Euskaltzaleen Topaguneak antolatua da Laburbira, eta zinemagile gazteak euskarazko ekoizpenera hurbilaraztea, eta zinema-aretoetan euskarazko ikus-entzunezkoak eskaintzea du helburu. Lazkaon, Gerriko kultur elkartearen lankidetzarekin egingo da biharko emanaldia. Goierriko beste saioa apirilaren 29an izan zen, Ordizian, Hitzaro elkartearen eskutik.
Zuzendari lazkaotarra
Laburbiraren Lazkaoko emanaldira Imanol G. Gurrutxaga zinema-zuzendari lazkaotarra gonbidatu dute. Zortzi filmen artean hark zuzendutako Nigandik lana ari dira herrietan ematen. Arerian, bihar, solasaldia egingo dute Gurrutxagarekin.
2018ko Ezusteko talka estreinako film laburraren ondoren, 2020an ekoitzi zuen Nigandik. Zinebi jaialdirako aukeratua izateaz gain, Lekeitioko Zine Bileran gidoi onenaren saria eta EITBko publikoaren saria eskuratu ditu filmarekin.
2022rako, bere lehen film luzea izango denaren lehen gidoia lantzen ari da orain.
LABURBIRA 2021
· Ekitaldia. Euskarazko film laburren 18. zirkuitua.
· Noiz. Bihar, 18:45ean.
· Non. Lazkaoko Areria antzokian.
· Sarrera. 2 euro (lazkao.eus)
· Filmak. ‘Aterpean ateri’, ‘Nigandik’ (Imanol G. Gurrutxaga), ‘Game over’, ‘Ilunabarrean esan’, ‘Babarrun txapelketa’, ‘Datsegit’, ‘Nire eguneroko maitea’, ‘Agur’.
· Solasaldia. Imanol G. Gurrutxaga zuzendari lazkaotarrarekin.