Sokari jarraipena eman diote
Loinatz jairik ez da izan aurten baina Aurtzaka dantza taldeak soka dantzari eutsi dio. Herritarrek kasu egin diote zentzuz jokatzeko eskariari eta ez da arazorik izan
Loinatz Jairik gabeko bigarren urtea izan da 2021a. Baina sokadantza izan du, hutsik egin gabe. Atzo goizean haurren txanda izan zen, eta arratsaldean helduek egin zuten. Oso saio hunkigarria izan zen iluntzekoa, Xabier Sarriegi Pasatxo omendu baitzuten: txapel bat utzi zuten plaza erdian eta txistulariek agurraren doinua jo zuten, aurten zendutako Pasatxori dantza egiteko aukera emanez. Bere emazteari eta alabari ere lore sorta bat eta oroigarri bat eman zioten Aurtzaka dantza taldeko kideek eta Leire Artola alkateak.
Dantzak egungo egoerara moldatu zituzten. Maskararekin egiteaz gain, bikoterik ez zuten atera. Gainera, Gernika pasealekuko frontoian egin zuten, edukiera errazago kontrolatzeko. Goizeko eta arratsaldeko saioetan bete egin zen frontoian.
Arduratsu
Osasun egoera oraindik ere larria delako, udalak asteburuan arduraz jokatzeko eskatu zuen. Herritarrek ongi erantzun dute. Sagastigutin kuadrilla batzuk kale-edana egin zuten arren, ez da gertakari larriagorik jazo. Orokorrean, giro lasaia izan da asteburuan. Atzo, kuadrilla egunean, ez zen pilaketarik izan.