Adinekoen egoitzetako langileek mobilizazioak deitu dituzte biharko
Lan hitzarmenaren negozioazioak «blokeatuta» jarraitzen duela salatu dute ELA eta LAB sindikatuetako ordezkariek. Irtenbiderik ezean, mobilizazioekin jarraituko dutela aurreratu dute
Gipuzkoako adinekoen egoitzetako langileek beste bi greba egun egingo dituzte, «Aldundiaren immobilismoaren aurrean», bihar, maiatzaren 20a, eta ekainaren 14an, ELA eta LAB sindikatuek deituta. Ekainaren 14koarekin, 250 greba egun beteko dituzte Gipuzkoako egoitzetako langileek. Lan gatazkaren soluzioa, luze doa, eta badirudi konponbidea ez dela egun batetik bestera iritsiko. Hori dela eta, langileek greba egiten jarraituko dutela ohartarazi dute, eta «lan gatazkari irtenbidea bilatu ezean, langileen eta egoiliarren eskubideen alde borrokan segiko» dute. Hala, elkarretaratzeak deitu dituzte biharko: Urretxu-Zumarragako Pirulo plazan 11:00etan ELAkoek deituta; eta Donostian, ADEGIren egoitzaren aurrean, 11:15ean LABek eta ELAk deituta.
Lan hitzarmenaren negozioazioa «aspalditik blokeatuta» dagoela salatu dute Feli Insausti LAB-eko eta Ana Merchan ELAko ordezkariek, eta «aldundia ez da gai» langileekin bildu eta eskatzen dituzten lan-hobekuntzei erantzuteko. «2012. urtetik herrialdeko hitzarmenik gabe eta ratio eznahikoekin ari gara lanean, eta hori ezin da onartu».
ELAk salatu duenez, aldundiak «beste alde batera begiratzen du» eta «biltzeko eskaera behin eta berriz egin badugu ere erantzunik ere ez dugu jaso». Ondorioz, «gatazka larriagotzen ari da», azaldu du Merchanek. Osasun larrialdiak gainera, «ez du lagundu, langileen egoera okertu egin da, eta ezin da ulertu erakundeek hain garrantzitsutzat bagaituzte, zergatik ez duten pausorik ematen lan gatazkari irtenbidea bilatzeko».
Insausti LAB-eko ordezkaria ere, bat dator Merchanek esandakoarekin, eta gehitu du COVID-19 testuinguruak «langileen egoera eta osasuna are gehiago okerragotu» dituela. Gehitu du, jakin badakitela, «Gipuzkoako Foru Aldundia Agenda 30 trantsizioko gizarte politikak epe luzean landuko dituen programa bat lantzen ari» dela, «baina orain behar ditugu soluzioak, baina ez du hitz egin nahi momentu honetan pairatzen ari garen benetako eta oso larriak diren arazoei buruz». LAB-ek «zaintza sistema unibertsala, doakoa eta kalitatezkoa» exijituko ditu, baita «langileen lan baldintzak hobetzea ere», aldundiak eta bestelako erakundeek sektore honi lotuta hartzen dituzten erabakietan «langileek ere parte hartzea eskatzen dugu, gizarte zerbitzuetan benetako lan txukuna egin dadin».
Greba eskubidea urratuta
Bestalde, bi sindikatuetako ordezkariek salatu dute, Gipuzkoako adinekoen egoitzetako grebarako eskubidea «urratu» dela beste behin ere: «Zerbitzu minimoak %100ekoak izango dira, beraz, gizarte osoari dei egiten diogu, bihar maiatzak 20, elkarretaratzeetara batu eta langileen eta egoiliarren eskubideen alde protesta egitera».