Akustikoan, baina izaera bera
Azken Sustraiak-ek 'FZA Bol. 1-6' diskoa argitaratu du. Abesti zaharrak era akustikoan berritu dituzte. Hilabeteko bira egingo dute, asteburu honetan Hernanin hasita
Azken Sustraiak taldeak FZA Bol. 1-6 diskoa kaleratu du, euren hirugarren lana. Aurreko diskoetan jasotako sei abesti era akustikoan birmoldatu dituzte. «Soinu elektrikoetatik pixka bat aldendu egin gara. Baina ez hortik atera nahi genuelako, akustikoa gustatzen zaigulako baizik. Ez genuen estilo aldaketa bat nahi», azaldu du Xabi Etxezarreta Aierbe taldeko gitarristak. «Beti gustatu izan zaigu akustikoa. Behin baino gehiagotan pentsatu dugu akustiko bat prestatzeko denbora hartu beharko genukeela, baina sekula ez genuen tarterik hartzen. Egoera hau aitzakia perfektua izan da alor hau apur bat ukitzeko».
Kontzerturik, ez eta entseatzeko lokala, itxita. GOIERRIKO HITZArekin izandako elkarrizketa lokaleko atarian egin dute, osasun arrazoiengatik ezin baitira lokalak erabili Buruhaustea aukera bilakatu dute. Akustikoa zen egoerara ongien egokitzen zen estiloa eta beraiek ere heldu nahi zioten. Irailean hasi ziren elkartzen, «eta gauza batek bestea ekarri du», dio Etxezarretak: pisu batean elkartu eta abesti zaharrak era akustikoan lantzen hasi ziren; gustukoak grabatu egin zituzten, baina formatu fisikoan ateratzeko asmorik gabe; azkenean atera dute, eta kontzertuak ere egingo dituzte. «Ez genuen kontzerturik ez ezer egiteko asmorik. Grabatutakoa ere ez genuen formatu fisikoan ateratzea pentsatzen. Baina kontua da grabatu genuela eta… Gu beti izan gara formatu fisikoaren zaleak, eta iruditzen zaigu EPa badela hasieratik bukaerara arte entzuteko formatu bat. Baina oso garestia da, eta diru sarrerarik ez dugu. Orduan pentsatu genuen fisikoan zerbait ateratzekotan horrela ateratzea, merkeagoa delako». Kopia gutxi atera dituzte. Eskainiko dituzten kontzertuetan eta datozen egunetan iragarriko dituzten salmenta puntuetan egongo dira eskuragai. Eskaintza bereziak ere iragarri dituzte. Halaber, plataforma digitaletan ere entzungai daude abesti solteak. «Emaitzarekin oso gustura gelditu gara. Fredi Pelaezekin grabatu dugu, etxean bertan. Asko dakien tipo bat da».
Estudiotik, oholtzara
Larunbatean hilabeteko bira hasiko dute, Hernaniko Gaztetxean. Datorren larunbatean Lazkaon izango dira. Goierriko emanaldi bakarra izango da. Gainerakoak Soraluzen, Markinan, Iruñean eta Deban izango dira. Akustikoan, nola ez. «Akustikoan grabatu dugunez kontzertuak akustikoan izango dira. Gainera, oso hotza iruditzen zaigu soinu elektrikoekin entzuleak eserita egotea». Ez diote jarraipenik emango, ordea. «Honekin amaitutzat ematen dugu etapa berri hau. Hauek dira formatu akustikoan joko ditugun azken kontzertuak. Honen ostean berriro distortsioaren kobazulora bueltatu eta agertokietatik urrun mantenduko gara epe mugagabez. Formatu akustikoan ikusteko gogotan bazaude hauek dira azken aukerak».
Kontzertuekin nahiko diru pilatuko balute ez dute baztertzen, baina, proiektuari jarraipena eman eta grabatutakoa EP formatuan argitaratzea. Ez da lan erraza izango. «Salmentak asko jaitsi dira, bai diskoena eta baita ere merchandisingarena. Kontzertuetan bertan ere bai. Dena garestitu da», atsekabetu da Etxezarreta. «Normala da jendeak nahiago izatea musika streaming bidez kontsumitzea: klik bat eta entzuten ari zara, ezer pagatu gabe».