Domingo Agirrek autismoari eskainiko dio Elkarbizitza Astea aurten
Gautenaren laguntzaz egingo dituzte sentsibilizazio ekintzak. Piktogramak jarri dituzte errotuloen ordez. Aurten ere ez dute amaierako festarik ospatuko
Eskolako ikur bihurtu den elastiko morea jantzita ekingo diote ikasleek, irakasleek eta familiek Elkarbizitza Asteari Domingo Agirre ikastetxean, datorren astelehenetik aurrera. Aurten, autismoaren gaia landuko dute, batez ere geletan garatuko den ekintza egitarauan zehar.
Herenegun eskola beste kolore batzuez jantzi zuen maiatzaren 17ko LGTBIQ fobiaren aurkako eguna ospatu ondoren dator Elkarbizitza Aste berri hau. Eskola osoa ortzadarraren kolorez betetzeaz gain, ipuinak, jolasak, kantak eta bideoak erabili zituzten astelehenean geletan sexu eta genero aniztasuna eta askatasuna aldarrikatzeko asmoz.
Autismoaz sentsibilizatzea
Hurrengo astelehenetik ostiralera ospatuko duten Elkarbizitza Astean Autismoaren Espektroko Nahastea landuko dute Domingo Agirren. Ikasle horiek eta euren familiek bizi duten errealitatea eskolako beste ikasleei eta familiei helaraztea da helburu nagusia.
Oraindik ez dute egitaraua erabat zehaztuta, baina autismoaren gaia lantzen hasiak dira dagoeneko tutoretza orduetan. Nahaste hori jasaten dutenentzat oso lagungarri diren piktogramak ere eginak dituzte, eskola osoko errotulazioa aldatzeko. Hori guztia, Gautena Autismoaren Espektroko Nahasmena duten Pertsonen Senideen Elkartearen laguntzaz egin dute, eta beste erakunde batzuren kolaborazioa ere izan dute.
Hurrengo astean, solasaldiak, filmak, abestiak, ipuinak, jokoak eta abar izango dira geletan. Familiek ere parte hartu ahal izango dute etxetik, ikasleek garatzen dituzten ekintzen berri internet bidez jaso ahal izango dutelako eskolaren webgunean.
Elkarbizitza Astea festa batekin amaitu izan dute eskola komunitate osoaren partaidetzarekin, baina iaz bezala, aurten ere ezin izango dute egin.
Elkarbizitza Astea, 2012tik
Elkarbizitza Astea 2012. urtean abian jarritako ekimena da. Ordutik, guraso eta irakaslez osatutako Elkarbizitza Hezkidetza batzordeak antolatzen du urtero, gai desberdinen inguruko sentsibilizazio ekintzak eginez. Horretarako, erakunde, herritar eta lan talde ugariren kolaborazioa izan dute, eta batzordeak zein eskolak eskerrak luzatzen dizkie bidelagun izan dituzten guztiei.
Orain arte landutako gaien artean, aiton-amonen garrantzia, urritasun ezberdinak, sexua eta lanbide aukeraketa, sexu aniztasuna, kulturartekotasuna, genero estereotipoak eta bolontarioen lana daude, besteak beste.