Israelen konplize ez izateko eskatu dute
Palestinaren aldeko elkarretaratze jendetsua egin zuten atzo. "Genozidio" bat dela azpimarratu zuten
Palestinaren aldeko elkarretaratze jendetsua egin zuten atzo Beasainen, Erauskin plazan, Gazako greba-egunarekin batera. Norberak bere ardurak har ditzala eskatu zuten: «Garrantzitsua da jakitea denok gara Israelen konplize. Alde batetik, Europar Batasuna eta Espainiako Gobernua Israelen bazkideak dira eta laguntza eskaintzen diote. Eta bestetik, Beasainen zehazki, CAF kolonia israeldar ilegalak lotuko dituen tranbia ekoizten ari da», azpimarratu zuen Amaia Elorza aktibistak. Arroua elkarteak antolatu zuen kontzentrazioa.
Antolatzaileak «pozik» agertu ziren elkartutako jende kopuruarekin. Agintariei presio egiteko balio dezala opa zuten, eta Israelekin dituzten loturak apurtu ditzatela eskatu zuten. Manifestariek Israelgo produktuei boikota eskatzen zuen kartela bat erakutsi zuten, besteak beste.
Manifestariek amorruz oihukatu zituzten leloak, euskaraz, gaztelaniaz eta arabiarrez. «Gu ere Palestinaren alde», «Palestina askea da», «Gaza ez zaude bakarrik» eta «ez da gerra bat, genozidio bat da», oihukatu zuten, esaterako. 217 palestinar hil dira azken egunetan, 63 haur tartean.
Erasoek ez dute etenik. Israelgo poliziak bi manifestari palestinar hil zituen tiroz herenegun. Nazioartetik su-etenaren eskariak ugaritzen ari dira. Halere, erasoek ez dute etenik. Elorzak bertaratutakoei eskatu zien palestinarrak ez ahazteko. «Bonbak amaituko dira, baina palestinarren egoerak larria izaten jarraituko du».