'Ordizian oparitu' kanpaina abian da tokiko merkataritza sustatzeko asmoz
Opari-bonuak salduko dira, eta Ordizian elkarteari atxikitako establezimenduetan trukatu ahal izango dira. Elkartearen egoitzan eros daitezke bonuak dagoeneko
Tokiko kontsumoa suspertzeko eta bultzatzeko helburuarekin, Ordizian Erein, Ordizia Loratuz! (Ordizian Oparitu) ekimena abiarazi dute Ordizian Elkarteak eta Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak elkarlanean. Merkataritza-kanpaina honen barruan, opari-bonuak salgai jarriko dira, eta Ordiziako dendetan eta ostalaritza establezimenduetan trukatu ahal izango dira.
«Ziur behin baino gehiagotan ez dakizula zer oparitu maite duzun pertsona bati urtebetetze egunean, urtemugaren batean edo, ez zaizu bururatzen zer jarri oinetakoan Gabonak iristean», azaldu dute ideiaren sustatzaileek. Ekimenaren helburua, opariak egiteko zalantzak dituzten pertsonei laguntzea da.
Hala, balio desberdineko bonuak daude; 5 eurokoak, 10 eurokoak, 20 eurokoak eta 50 eurokoak, horien zenbatekoa eta banaketa aukeratu ahal izateko. Bonu horiekin batera opari txartel bat egongo da, haziak dituen paperean inprimatua, eta hazi horiek landatu eta gero, bitxilore polit bat loratuko da. Hortik dator kanpainaren leloa; Erein herrian, herria loratuz, eta hori guztia gutun-azal batean joango da oparia modu dotorean eman ahal izateko.
Bonuak Ordizian merkataritza elkartearen egoitzan eros daitezke dagoeneko.