Plaka fotoboltaikoak jarri dituzte Bikuña kiroldegiko teilatuan
Udaletxean, pilotalekuan eta herriko ikastetxeetan jarri dituzte dagoeneko eguzki plakak. Kiroldegian 160 modulu jarri dituzte, 47.600 euroko aurrekontuarekin.
Legazpiko Udalak beste eraikin publiko bat gehitu du eguzki panelak dituztenen zerrendara, egun hauetan Bikuña kiroldegiko teilatuan plaka fotoboltaikoak instalatu baitira. Guztira 160 eguzki-modulu fotoboltaiko jarri dituzte, eta Ekain Taldea SL enpresa arduratu da instalazioaz, 47.643,15 euroko aurrekontuarekin (BEZa barne). Lan horiek 2019ko aurrekontu parte hartzaileetan herritarrek proposatutakoak dira; iaz ezin izan ziren burutu COVID-19agatik.
Energia fotoboltaikoa eguzki-erradiaziotik elektrizitatea sortzen duen energia iturria da. Jatorriz berriztagarria da sortzen den elektrizitatea, eta eguzki izpiek moduluetan zuzenean eragiten duten ordu kopuruaren araberakoa da. Horregatik jarri dituzte Bikuñako moduluak hegoaldera begira.
Bestetik, instalatu duten eguzki potentzia fotoboltaikoa, guztira, 50 kW-koa da, eta behe tentsioko sare elektrikora konektatuko da, soberakinak dituen autokontsumoko erregimenari buruzko apirilaren 5eko 244/2019 Errege Dekretuak xedatzen duen araudiaren esparruan.
Legazpin, dagoeneko, hainbat udal eraikinek dituzte eguzki panelak: udaletxeak, Urbeltz pilotalekuak, Domingo Agirre eskolak, Haztegi ikastolak eta Brinkolako eskola zaharretan dagoen Ceidak.