AHTren Ezkioko geltokia eraikitzeko lanak hasi dira eta 9 hilabete iraungo dute
Ezkioko kaskoko sarrera zaharraren inguruan kokatuko da. Euskal Trenbide Sarea da sustatzailea eta 3,2 milioi euroko aurrekontua izango du geltokia eraikitzeko proiektuak
AHT Abiadura Handiko Trenaren Ezkioko geltokia eraikitzeko lanak hasi dira dagoeneko. Ezkioko kaskora igotzeko sarrera zaharraren inguruan egongo da geltokia, eta 9 hilabeteko iraupena izango dute lanek. Tomas Etxaniz Ezkio-Itsasoko alkateak aurreko astean ohar bidez adierazi zuenez, «udala kontaktuan dago obretako arduradunekin eta zuzendaritzarekin, eta jarraipena egingo du herritarrentzat eragozpenak ahalik eta txikienak izan daitezen». Lanak aste honetan hasi direnez, sasia kentzen eta obra eremua finkatzeko lanetan dabiltza. ETS Euskal Trenbide Sarea da proiektuaren sustatzailea, eta Iparragirre Eraikuntza Lanak S.L. enpresari esleitu zaio. Lanek 3,2 milioi euroko aurrekontua izango dute.
Aparkalekua kanpoan
Solairu bakarreko geltokia izango da. Atari nagusi bat izango du, eta bertan komunak eta langileen lokalak egongo dira. Trenbideko nasetara atari horretatik iritsiko dira bidaiariak. Nasak jada eraikita daude: 410 metroko luzera eta 5 metroko zabalera dute. Trenbidearen bi aldeetan trenak aparkatzeko bi bazterbide eraikiko dituzte.
Geltokiaz gain, terminalaren kanpoaldean geltokirako sarbidea eta trafikoa antolatzeko eremua eraikiko dute, aparkaleku eta biribilgune batekin.