CAFeko lan hitzarmen berria negoziatzen ari dira
Langileek manifestazio jendetsua egin dute gaur, euren eskakizunak kontuan har daitezen. Zuzendaritzak dio aurreikuspenak ez direla onak
CAFeko langileak eta zuzendaritza lan hitzarmen berria negoziatzen ari dira. Besteak beste, langileek telelanaren erregulazioa eta enplegu politikan aurrera pausoak ematea eskatzen dituzte: errelebo kontratuak hobetzea nahi dute, soldatak eguneratzea, behin behinekotasuna txikitzea eta hainbat azpikontratazio berreskuratzea. Zuzendaritzari presioa egiteko manifestazioa egin zuten atzo, Beasaingo kaleetan zehar. Jarraipen handia izan zuen: Nafarroa etorbidea ia osorik hartu zuten, bi ilaratan banatuta. Negoziazioak zenbat luzatuko diren ziur jakiterik ez dago.
Zuzendaritzak dio aurreikuspenak ez direla onak lan baldintzak hobetzeko. Pandemiaren eraginez 2022. urtean lan karga falta espero duela dio. Aurtengo lehen hiruhilekoan hamazazpi milioi euroko irabazi garbiak izan ditu. Zuzendaritzaren hasierako asmoa egungo hitzarmena bere horretan uztea eta soldatak kongelatzea zen, negoziazioetan sartu gabe.
Langileek maiatzeko astearteetan eta ostegunetan bi orduko lanuzteak egitea erabaki zuten presio egiteko. Proposamenak gehiengo zabalaren oniritzia izan zuen. Eta funtzionatu du. Zuzendaritza aurreko astean negoziaketa mahaira batu zen.
Epez kanpo
Egungo lan hitzarmena urtea hastearekin batera iraungi zen, lau urteko iraupena zuen-eta. Hitzarmenaren luzapen batekin dabiltza lanean orain, ultraaktibitatean. Ultraaktibitatean bi urte egin daitezke gehienez. Langileek lan hitzarmen berrian muga hori ezabatzea ere eskatzen dute, bide batez.
Hitzarmenak Beasaingo, Irungo eta Madrilgo fabriketako 3.000 langile baino gehiagori eragiten die.