Dena gelditu zuen kazkabar hura
Duela 31 urte izan zen, baina askok gogoan dute oraindik. Kazkabar erauntsi batek Ordizia eta inguruak geldiarazi zituen, kalte handiak eraginez. Orduko irudiak dira.
Ordizian ez dute ahazteko 1990eko maiatzaren 19an bota zuen kazkabar hura. Atzo bete ziren 31 urte gertaera hartatik, baina herritar askoren gogoan iltzatuta jarraitzen du oraindik. Sekulakoa bota zuen minutu gutxian; 8 zentimetro arteko diametroa zuten harriak erori ziren, eta kalte ugari eragin zituen, ibilgailu nahiz eraikinetan. Bapatekoa izan zen, gainera, eta askok, ahal zuten moduan babestu behar izan zuten. Elurra egin balu bezala, herriko kaleak zurituta gelditu ziren, eta lehen sustoa pasata, jolaserako tartea ere hartu zuten haur eta gazteek. Egun hartan Iñaki Riañok hartutako irudiak ekarri ditu gogora ‘Ordiziako album familiarra’ Facebookeko taldeak.