Elkartasun tonua duten telefonoak Garagunen
Elkartasun keinu bat egin diete Legazpiko Garaguneko erabiltzaileek mitokondriako patologia dutenenei. Gaixotasun arraro horren ikerketarako dirua lortzeko, telefono zaharrak biltzen hasi dira.
Legazpiko Garaguneko erabiltzaileak eta langileak martxan jarri ziren Aneren historia ezagutu bezain pronto. Zumarragako neskato horrek 16 urte ditu eta mitokondriako patologia bat du, garapen kognitiboan eta psikomotrizitatean larri eragiten diona. Ana Tena amak eman zien gaixotasun arraro horren berri, eta Aempi elkartea (Patologia Mitokondrialekin Gaixotutakoen Elkartea-Asociacion de Enfermos de Patologias Mitocondriales) burutzen ari den diru bilketa kanpainaz hitz egin zien; telefono zaharrak eta matxuratutakoak jasotzen ari dira. Garagunekoek elkartasuna dute lelotzat, eta beste behin elkartasunari keinu bat eginez, diru bilketa kanpaina horretan buru-belarri sartzea erabaki zuten.
Duela egun batzuk, kutxa bat jarri zuten zentroaren sarreran, eta erabilitako telefono zaharrak eta matxuratutakoak jasotzen hasiak dira. Jasotzen dituzten 50 telefonoko, diru kopuru bat emango diete, eta diru hori mitokondriako patologiak ikertzeko proiektuetara bideratuko da, Aempi elkartearen bitartez.
Ane eta bera bezalako pertsonak laguntzeko lehen alea jarri dute Garagunekoek. Orain gainerako legazpiarren laguntasuna falta da. Zentroa 09:30etik 17:00etara dago zabalik; ordutegi horren barruan, edozein unetan eraman daitezke bertara atzera utzitako telefonoak.
Gaixotasun arraroa
Ana Tenak Legazpiko Garagunera egindako bisitan azaldu zuenez, Ane alabak mitokondria patologia batek eragindako gaixotasun arraroa du, gaixotasun genetikoa eta kronikoa, hain zuzen. Gaixotasuna degeneratiboa da gainera, desgaitasun larria eragiten du eta gaur egun sendabiderik ez du.
Horregatik da garrantzitsua 1999an sortutako Aepmi elkarteak Espainia mailan egiten duen lana, orain martxan duen telefono bilketa tartean. Gaixoen bizi kalitatea hobetzeko ikerketa zientifikoa, profesionalen formakuntza, familientzako informazioa eta babesa eta herritarren sentsibilizazioa bultzatzea da lan horren ardatza. Elkarteari buruzko informazio gehiago aepmi.org webgunean aurki daiteke.
Garaguneko erabiltzaileek interes handia jarri zuten aurreko astean Anaren bidez ezagutu zuten Ane alabaren historian. Orain, Ane bera ezagutzeko aukera izango dute hurrengo astelehenean, haren bisita jasoko dutelako Legazpiko zentroan goizean zehar.
Ordiziako Garagunea
Garagunen ez ezik, Aempi elkartearen aldeko telefono zaharren eta matxuratuen bilketa Legazpiko Algar tindategian ere egiten ari dira egun hauetan, baita Zumarragako Milar Lagun dendan ere.
Garaguneen artean ere zabaltzen ari da telefono bilketa kanpaina, eta Ordiziako zentroan laster hasiko dira zeregin horretan. Aurrera begira, ekimena gainerako Garaguneetara zabaltzea da asmoa.