Ezkion Martxan Kirol Klubak herrian egiteko lasterketa birtuala sortu du
Bi ibilbide prestatu dituzte: 6 kilometrokoa Ezkioko mendi lasterketa mixtoko ibilbidean eta 14 kilometrokoa, Izazpi mendiko tontorrera iristen dena
Ezkion Martxan Kirol Klubak ekimen berri bat jarri du martxan. Mendi lasterketa birtuala sortu dute herri inguruan egiteko. Bi ibilbide edo lasterketa prestatu dituzte: batetik, 6 kilometro eta 285 metroko desnibel positiboa duena, Ezkioko mendi lasterketa mixtoko ibilbidea betetzen duena, eta bestetik 14 kilometro eta 780 metro desnibel positiboa duen ibilbidea, Izazpi mendi tontorrera iristen dena.
Hasiera eta helmuga leku berean izango dira: Ezkioko Santa Lutzi auzoan, eskola eta Topa ostatuaren parean. Mugikorra erabiliz egingo dute parte hartzaileek lasterketa birtuala. Gailuarekin ibilbidea grabatuko da, eta sarean sailkapen orokorra sortuko dute bakoitzaren denbora beste parte hartzaileenarekin alderatzeko. OTR Open Trail Races aplikazioa erabiliko dute horretarako. Aplikazioa mugikorrean izanik, baliza digital bat atzemango du hasiera puntuan, eta helmugara iristean balizak berak markatuko du bakoitzaren denbora, eta aplikazioan gordeko da. Lasterketa nahi beste aldiz eta nahi denean egin ahal izango da. Eskolatik Iribarren baserriraino joan eta AHT-ko tunela pasa ondoren, Ezkiora igoko dira. Hilerri inguruan ibilbide luzeak Izazpiko tontorrera jarraituko du Atxurzan barrena. Izazpi atzean utzita, beheranzko bidea hartuko dute, Atxurzatik hilerrira. Hortik aurrera ibilbideek bide berdina izango dute, Garaion gurutzatuz, tunela pasa eta eskolan amaituz.
Ibilbidearen markaketa
Antolakuntzak hedabideetara helarazitako ohar batean adierazi duenez, ibilbideek ez dute inolako pasarte teknikorik: «Baina norberak izan beharra du bere egoera fisikoaren arduradun eta batez ere ibilbide luzean hotz eta euri egunetan Izazpi haizelekua izanik arropa aproposa eramatea gomendatzen da». Mendia errespetatzeko deia egin dute antolatzaileek: «Zaborrik ez sortu, atesareak bere horretan utzi eta ganadua balego saiatu ez aztoratzen». Ibilbidearen markaketarekin arazorik ez izateko, mugikorrean ibilbidea deskargatzea gomendatu dute.