Oianguko Txiringitoaren esleipenerako kontratazio prozesua abian da
Oianguko Txiringitoa ekainetik irailera egongo da zabalik. Proposamenak aurkezteko epea zabalik dago. Eskaintzaren aniztasuna eta produktuen jatorria baloratuko dira, besteak beste
Udako denboraldia gainean da eta Ordiziako Oiangu parkean laster igerriko da. Urtero, udako hilabeteetan ekaina, uztaila, abuztua eta iraila irekitzen du Txiringitoak eta aurten ere, hala izan dadin, Ordiziako Udalak Oianguko Txiringitoa kudeatzeko kontratazio prozesua abiatu du, eta eskaerak maiatzaren 28a arte aurkezteko epea dago.
Udalak jakinarazi du, proposamenak Ordiziako Udaleko erregistroan aurkeztu beharko direla aipatutako epe barruan, modu telematikoan, edozein unetan edo Udaletxeko Erregistro Orokorrean (Udaleko arreta zerbitzuan), 09:00etatik 13:00-etara eta arratsaldean Udaltzaingoan, 21:00ak arte.
Kontutan hartzekoak
Memoria proiektuak 80 puntu izango ditu eta zerbitzuaren kudeaketarako dauden baliabide pertsonalak eta kudeaketa plana zehaztuko dira. Memoria proiektua gehienez 5 orritan egingo da.
Aukeraketa egiterako garaian, oso kontutan izango dituzte, eskaintzaren aniztasuna (pintxoak, razioak, ogitartekoak, plater konbinatuak, menuak, menu bereziak…), produktuen jatorria (km0 produktuak, inguruko ekoizleen produktuak, produktu ekologikoak), Tabernako bezeroei emango zaizkien prestazioak (eramateko erraztasuna, terraza zerbitzua….), parkera bezeroak erakartzeko proposatzen diren ekintzak, (batez ere familia eta nerabeei zuzendutakoak), udalerriko langileak izatea, eta hondakinen kudeaketa jasangarria egitea.
Ostalaritza eskoletan lortutako ezagutza ere oso kontutan izango dute, eta puntuak gehitzeko aukera emango dute goi mailako eta erdi mailako ikasketen egiaztatzeak.
10 egun
Proposamenak gutun-azalean aurkeztu beharko dira Oiangu parkeko udako taberna txikia edo Txiringitoa kudeatzeko zerbitzua izenburuarekin. Eskatzaileak bere identifikazio datuak adierazi behar ditu bertan, baita administrazioa berarekin harremanetan jartzeko eposta eta telefono zenbakia ere.
Proposamenak aurkezteko 10 egun balioduneko epea emango da iragarkia udaleko webgunean eta kontratazio perfilean argitaratzen denetik zenbatzen hasita.
Proposamenak aurkezteko epea igaro ondoren aurkeztutako proposamenak baloratuko ditu udalak eta udaleko web orrian argitaratuko ditu horren emaitzak.
Udalak jakinarazi du, hileko 400 euroko kanona ezarriko dela zerbitzua garatzeko.
Edozein zalantza argitzeko jarri harremanetan udaleko Idazkaritza Sailarekin, idazkaritza@ordizia.eus epostara idatzita edo deitu 943 80 56 36 telefono zenbakira.