Ormazabalen ondarea
Ander Zabalza nafarrak Xabier Ormazabal bekaren laguntzarekin aurrera aterako duen egitasmoa aurkeztuko du hilaren 28an Urretxuko Labeaga aretoan
Xabier Ormazabal mendizale urretxuarra 2004ko urrian hil zen, Cho Oyu mendian. Urretxuko Udalak Mendi Festa antolatu ohi du bere oroimenez. Aurten ere, koronabirusa dela eta, ezingo da ospatu. Baina mendizaleek elkartzeko aukera edukiko dute, Xabier Ormazabal bekaren eskutik. Hilaren 28an hirugarren beka irabazi duen Ander Zabalzak bere egitasmoa aurkeztuko du eta ondoren Mendian hil, hirian hil dokumentala emango dute eta solasaldia egongo da.
Ekitaldia 19:00etan izango da, Labeaga aretoan. Gonbidapen banaketa atzo hasi zen. Gonbidapen bat eskuratu nahi dutenek kultur etxera jo behar dute, 27a baino lehen: 11:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 19:00etara. Egunean bertan ere banatuko dira: 18:30etik 19:00etara, Labeaga aretoan.
Xabier Ormazabal beka mendizale gazteei zuzendua dago. Hirugarren edizioa irabazi duen Ander Zabalza nafarrak Artikotik gertu dauden parajeetan bide berriak irekiko ditu Urretxuko Udalak emandako 2.500 euroko laguntzarekin. Hasteko, Loffoten irletara joango da. Ondoren, Foula irlako Nebbifeld itsaslabarrean bide berri bat irekitzen saiatuko da. Nebbifeld Erresuma Batuko bigarren itsaslabar handiena da.
Hilaren 28ko ekitaldian egitasmoa zertan den azalduko du. Gainera, Ormazabal bekaren gunea aurkeztuko dute. Gune hau Urretxuko Udalaren webgunean egongo da. Bertan, bekari buruzko informazioa jasoko dute: oinarriak, aurkeztutako lanak, Mendi Festaren bideoak…
Bestalde, Iñaki Peña zuzendari eta gidoilariak Mendian hil, hirian hil filma aurkeztuko du. Bertaratzen direnek sari ugari irabazi dituen dokumental hau ikusteko aukera edukiko dute. Dokumental honetan mendian hil direnen senitartekoen eta lagunen testigantzak jaso ditu eta pasarte bat Ormazabali buruzkoa da. Emanaldiaren ondoren gaiari buruzko solasaldia egingo dute.