Urretxu eta Zumarraga palestinarrekin bat
Gazte Asanbladak kontzentrazioa deitu du biharko eta Zumarragako udalbatzak Israelgo gobernuaren erasoa gaitzetsi du
Urretxun eta Zumarragan ere Israelgo gobernuaren erasoak salatu dituzte. Gazte Asanbladak, Goierriko beste lau gazte asanbladarekin batera, kontzentrazioa deitu du biharko. 20:00etan elkartuko dira, Areizaga-Kalebarren plazan. Bestalde, Zumarragako udalbatza osatzen duten alderdi guztiek Israelgo gobernuaren erasoak arbuiatu zituzten astearteko osoko bilkuran.
Gazte Asanbladen kontzentrazioak Kapitalismoa suntsitu, Palestina askatu! lemapean egingo dira. “Palestinarren defentsarako eskubidea aldarrikatu nahi dugu eta Mendebaldeko potentzia kapitalistek Israelgo Estatuari ematen dioten babesa salatu, tartean Euskal Herriko zenbait politikari eta enpresa”.
Zumarragako udalbatzako kideen salaketari dagokionez, salaketa testua Ines Benitez Elkarrekin Zumarragako zinegotziak aurkeztu zuen eta PSE-EE, EH Bildu eta EAJko ordezkariek bat egin zuten. Benitezek Israelek azkeneko urteetan Gaza sarritan bonbardatu duela gogoratu zuen eta blokeoa ere salatu zuen. Azken egunetan auzo populatuenak bonbardatu dituztela gehitu zuen. Baita 60 haur baino gehiago hil dituztela ere. “Gaza munduko toki populatuenetako bat da eta, beraz, toki hori bonbardatzea genozidioa da”.
Nazioarteko komunitateari neurrik hartzeko eskatu zion, Israelek nazioarteko legedia eta palestinarren eskubideak errespeta ditzan. Horretaz gain, Estatu palestinarra aintzatestea eta Israelek okupatutako lurraldeak abandonatzea eskatu zuen.