Udaleku irekietan izena emateko epea zabalik dago Legorretan
Legorretako Udalak herriko gaztetxoentzat udaleku zerbitzua eskainiko du ekainaren 21etik uztailaren 23ra arte. Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako lehen, bigarren eta hirugarren zikloko haurrei dago zuzenduta, eta eskolarik ez duten hilabete horietan aisialdi aukera bat da, astelehenetik ostiralera, 10:00etatik 13:00etara, ekintza desberdin ugari egiteko aukera emango dielako. Esperientzia honekin ikasturtearen jarraipena egin nahi da, bai euskararen erabilera bultzatzeko bai ikasleen arteko harreman pertsonalen arloa lantzeko, jolastuz, abestuz, antzeztuz.
Izen ematea
Matrikularen kostua 60 eurokoa izango da; deskontua izango dute DSBE eta GLL jasotzen duten familiek, familia ugariek eta guraso bakarreko familiek.
Izena emateko ordainketa egin beharko da Kutxabankeko kontu zenbakian, eta ordainketaren agiriarekin, izena eman ahalko da udalaren webgunean edo bulegoetan, maiatzaren 26a baino lehen.