Ikasgela, astelehenetik
Saturnino Telleria kalean musika eskolak zuen egoitzan dago zerbitzua. Oraingoz, uztailaren 23ra arte egongo da irekita. Ikasleek eskaria egin behar dute udaletxean, eta txartela lortu
Astelehenetik aurrera egongo da erabilgarri Legazpiko Ikasgela, Saturnino Telleria 1ean, musika eskolaren lehengo egoitzan. COVID-19aren eraginez edukiera 18 plazara bakarrik egongo da mugatuta. Oraingoz uztailaren 23ra arte egongo da zabalik, baina irailean berriz ere ireki eta ikasturte osoan zehar martxan izatea da helburua.
Koldobike Olabide alkateak eta Maite Lonbide Hezkuntza zinegotziak aurkeztu zuten atzo lokal berria, erabilerarako araudiarekin batera. Momentuz uztailaren 23ra arte egongo da zabalik, eta irailean irekiko da berriz, ikasturte osoan irekita mantentzeko helburuarekin.
Koronabirusagatik etenda
Udalak 2017aren amaieran jarri zuen martxan Ikasgela edo ikasteko gunea. Zerbitzua Bikuña jauregian kokatu zuen. Ordutik, azterketa garaietan ireki du urtero, pandemia iritsi den arte. 2019an, zerbitzua Saturnino Telleriako lokaletan kokatzeko aukera sortu zen, eta horretarako lanekin hasi ziren. Baina eraikuntzan aurkitutako amiantoak eta pandemiak berak prozesu guztia atzeratu egin zuen.
Azkenik, egokitze lanak amaitu dituzte, eta azken asteetan Legazpik izan duen egoera epidemiologiko txarrak hobera egin duenez, zerbitzua berriz martxan jartzea erabaki du udalak, ikasleekin hainbat bilera egin eta gero.
Ikasgela berriak 32 plaza ditu, baina COVID-19arengatik, 18 toki izango ditu oraingoz. Maiatzaren 24tik uztailaren 23ra arte irekiko da, astelehenetik ostiralera (08:00-20:00) eta larunbat eta igandeetan (09:30-20:00).
Zerbitzua erabiltzeko 18 urtetik gorakoa izan behar da, eta ziklo formatiboetan edo unibertsitatean ikasi. Ikasleek eskaria egin beharko dute udaletxean, eta horrek baiezkoa emandakoan, Ikasgelera sartzeko beharko duten txartela banatuko diete kultur etxean. Zerbitzua doakoa da, eta bakarka erabiltzekoa.
Ikasleen eskaria
Ikasgela itxita egon den bitartean, Legazpiko Ikasleak izeneko taldean bildutako ikasleek haserrea adierazi zuten sare sozialetan eta herrian zehar jarritako karteletan, udalak zerbitzuarentzako alternatiba «egokirik» ez ziela eskaini salatuz. Elkarretaratze bat ere egin zuten Gabon bezperetan.
Ikasturte amaiera hurbiltzean, udal ordezkariekin bildu ziren berriz ikasleak ikasgela eskatzeko, baina herriko egoera epidemiologikoa tarteko, udalak zerbitzua ezin zela martxan jarri esan ziela salatu zuten.
Alkateak atzo adierazi zuenez, ikasleei emandako hitza bete dute, eta egoerak aukera eman duenean martxan jarri dute Ikasgela. Azterketekin zorte ona ere opa zien guztiei, eta irailetik aurrera ikasturte osoan zerbitzua izango dutela agindu zien.