Oianguko maizter berrientzako hotela
Intsektuek eta armiarmek ekosistemari egiten dioten ekarpena ezagutarazteko, proiektu berri bat jarri dute martxan Ordizian, herriko udalaren eta Aranzadi zientzia elkartearen ekimenez. Bihar inauguratuko dute hotel berezia, Oianguko parkean.
Eskaralimania, intsektuentzako hotela ireki berri dute Ordiziako Oiangu parkean. Udalak eta Aranzadi zientzia elkarteak elkarlanean sortutako egitasmoa da, eta Madrilgo Fundación Biodiversidad fundazioak ere babestu du proiektua. Joan den astean aurkeztu zuten hotel berria jendaurrean, baina bihar irekiko dute ofizialki, Aniztasun Biologikoaren Nazioarteko Egunarekin bat eginez. Beatriz Diaz Aranzadi zientzia elkarteko ikertzaile eta proiektuaren arduradun nagusiak azaldu duenez, jendeari intsektuak eta armiarmak ezagutaraztea da helburu nagusia, “eta baita euren garrantziaz ohartaraztea ere”.
Eskaralimania hitz joko batetik sortutako izena da: gaztelaniaz kakalardo, armiarma, sorgin-orratz eta tximeleta hitzen hasierak josiz osatutakoa. Izan ere, horiek dira, besteak beste, ezagutarazi nahi dituzten intsektu eta armiarma espezieak. Animalia horiek askorentzat desatseginak edo gogaikarriak suertatzen diren arren, ekosistemari “ekarpen onuragarriak” egiten dizkiotela ohartarazi nahi diote proiektuaren sustatzaileek jendeari.
Diazek azaldu duenez, armiarmek eta sorgin-orratzek, adibidez, harrapakariak diren aldetik, euliak eta eltxoak jaten dituzte. “Amona mantangorriak, berriz, nahiz eta askok jakin ez, kakalardo mota bat dira, eta landare-zorriz elikatzen dira”. Aranzadiko kideak gaineratu duenez, intsektu horiek “polinizazioaren parte garrantzitsuak” ere badira, “eta landare ugari degradatzeko gaitasuna dute”. Ekosistemaren ertz askotan eragiten dute: “Ziurtzat jotzen dugu ekosistemak funtzionatu egiten duela, baina ez gara konturatzen animalia hauei esker daukagula daukagun ekosistema”.
“Intsektu eta armiarma horiek ez baleude, jaki asko desagertu egingo lirateke”, Diazen hitzetan; “sagarrak eta marrubiak, adibidez”. Fruitu horiek, hazteko, beharrezkoa dute polinizazioa: “Eta intsektuei esker lortzen dute hori”. Udazkenean zuhaitzetatik erortzen diren hostoak desagerrarazteko prozesuan ere zerikusi handia dute animalia horiek. “Birziklatze lan hori askoz azkarragoa da intsektuei esker. Gainontzean, orbel eta gorozkiz estalita egongo lirateke basoak”, ohartarazi du Diazek.
Hain zuzen, informazio hori guztia jendearen eskura jartzea da proiektuaren helburuetako bat. “Inguruan daukagun hori ezagutuz gero, dagokion balioa eman diezaiokegu, eta, ondorioz, errespetatu eta zaindu”. Hainbat gelaxkatan banatuta dago hotela, eta intsektuentzako leku aproposa bihurtu nahi dute, “habia egiteko, beharrezko janaria modu errazean lortzeko edo eguraldi txarra denetan babestu ahal izateko”, esan du Diazek. Beste alde batetik, erakusleiho bat izango da jendearentzat. “Intsektu edo armiarma hauei buruz gehiago jakin nahi duenak, bertara gerturatu eta gelaxka bakoitzean egiten duena beha dezake”. Proiektua haur eta helduentzat interesekoa izan dadin nahiko lukete.
Parkeko argazki zaharrak
Aldez aurretik izena eman beharra zegoen biharko hasierako ekitaldian parte hartzeko, eta ordu gutxiren buruan bete ziren toki guztiak. Hoteleko gelaxkak materialez beteko dituzte guztien artean, intsektuentzako habitat egoki bat sortzeko. “Zeramika jarriko dugu armiarmentzat, eta makilatxoak erleentzat”. Hazi-bonbak ere egingo dituzte, “bertako flora indartzeko”. Igandetik aurrera, berriz, nahi duenak izango du aukera hotela bertatik bertara bisitatzeko. “Eskaneatzeko QR kode bat duen informazio panel bat dago hotelaren ondoan, eta interesa duen orok bertan eskuratu ahal izango du intsektu eta armiarmei buruzko informazioa”, azaldu du Diazek.
Biharko ekitaldiaz gain, Ordiziako Udalak eta Aranzadi zientzia elkarteak Oainguko argazki zaharrak ere bildu nahi dituzte gune horretan. Herritarrei dei egin diete argazkiren bat izanez gero artxiboa@aranzadi.eus helbidera bidaltzeko. “Parkearen iragana eta oraina erakutsi nahi diegu herritarrei, eta, argazkien bitartez, bertako paisaiak jasan dituen aldaketez ohartarazi”. Argazki bilduma udalaren Flickr kontuan jarriko dute ikusgai.
Irungo Bidasoa institutuko ikasleak, sortzaile
Irungo Bidasoa lanbide heziketako lehenengo eta bigarren mailako ikasleek egin dute intsektu eta armiarmen hotela. Roberto Soto Bidasoa institutuko zurgintza saileko irakasleak esan duenez, Aranzadi zientzia elkarteak egin zien egitura sortzeko gonbidapena. Material naturalak erabili dituzte, substantzia kimikorik gabe. Haritz egurrez egin dute kanpoko egitura, eta urarekin disolbatzen diren bernizak erabili dituzte babesgarri gisa. Ikasleentzat “erronka” bat izan da, Sotoren iritziz, eta “gustura” aritu dira.