Eva Esnaola atleta beteranoak ez du Espainiako errekorra haustea lortu
60 eta 64 urte artekoen Espainiako maratoi marka hausten saiatu da, Ordizian
Hernani taldeko Eva Esnaola korrikalaria maratoi probako Espainiako errekorra ontzen saiatu da gaur Ordiziako Altamira estadioko pistan, 60 eta 64 urte arteko kategorian. Ez du lortu, 36 segundogatik bakarrik. Esnaola primeran aritu da, baina zorte txarra izan du: komunera joan beharra izan du eta minutu bat eta 22 segundo galdu du. Errekorra Emilia Vaquerok du (3:18:23) eta Esnaolak 3:18:59ko denbora egin du.
Marka haustea lortu ez duen arren, pozik azaldu da. “Nire urtebetetzea eta nirekin entrenatzen duen Alazneren bikien urtebetetzea ospatzeko erabaki dut errekorra hausten saiatzea. Gihar aldetik ez dut inongo arazorik izan eta denbora ona egin dut. Hori dela eta, berriro saiatuko naiz. Zergatik aukeratu dudan Ordiziako pista? Pista ona da eta ordiziarrak, Karratu buru, oso ondo portatzen dira gurekin”.