Lizarte taldeko Igor Arrietak irabazi du Loinatz proba
Xabier Berasategi olaberritarra laugarren postuan sailkatu da eta Xabier Isasa urretxuarrak tarteko helmugen saria lortu du
Gaur goizean 23 urte azpikoentzako Loinatz txirrindulari proba jokatu da Beasainen. Lizarte taldeko Igor Arrieta nagusitu da. Tropela 25 segundora heldu da. Bigarren postuan bere taldeko Miquel Delgado sailkatu da eta hirugarrenean Laboral Kutxa taldeko Unai Iribar. Lehen goierritarra Laboral Kutxa taldeko Xabier Berasategi olaberritarra izan da, laugarren postuan. Caja Rural taldeko Mikel Mujika legazpiarra zortzigarren sailkatu da. Laboral Kutxa taldeko Xabier Isasa urretxuarrak tarteko helmugen saria irabazi du. Mendiko saria Arrietak lortu du eta taldekakoa Lizartek.
Tropela 10:00etan abiatu da Nafarroa etorbidetik. 121 kilometro eta bost mendateren ondoren, Nafarroa etorbidera itzuli dira. Abiatzen sariko azkenaurreko proba izango da. Azkena ekainaren 19an izango da Tolosan. Gaurko probaren ondoren, liderraren elastikoa Unai Iribarrek jantzi du.