Gurutze Berri auzoa berriz urbanizatzeko proiektua aurkeztu du udalak
Bizilagunen eskaerei erantzunez hartu dute auzoa eraberritzeko erabakia. 60-80ko hamarkaden artean eraikitako etxebizitzez osatuta dago eta herrian dagoen berritu gabeko auzo bakarra da
Idiazabalgo Udalak Gurutze Berri auzoa berriz urbanizatzeko proiektua aurkeztu du herritarren aurrean. Idiazabalgo herrian eraiki zenetik berritu gabe dagoen auzo bakarra da eta bizilagunek egindako eskaerari erantzuna emateko hartu du udalak auzoa eraberritzeko erabakia. Joan den ostegunean izan zen aurkezpena, auzoan bertan dagoen Guraso Elkartean.
Hiruzpalau urte zeramaten bizilagunek Gurutze Berri berriz urbanizatzeko eskaera egiten. XX. mendeko 60 eta 80 hamarkada arteko eraikinez osatuta dago auzoa, 2006an egindako eraikin bat izan ezik, eta espazio publikoa eta urbanizazio ordena ere garaiko beharretara dago egokituta. 2019an lehiaketan atera zuen Idiazabalgo Udalak proiektua idazteko eta zuzentzeko lana, eta Endara enpresari esleitu zitzaion. Lurpeko zein lur gaineko lanak egingo dituzte, eta herritarren irisgarritasuna hobetzea eta auzoa saneatzea izango dira helburu nagusiak.
Saneamendu sarea berrezartzea, argiteria berritzea, energia elektrikoko sarea lurperatzea, ur eta gas harguneak berrezartzea, aparkalekua ordenatzea, zolaketa berrezartzea eta Guraso Elkarte parean haurrentzako parkea eraikitzea aurreikusi dute proiektuko memorian. Triku ubidea bertatik pasatzen denez, hezegune bat eraikitzea ere aipatzen da proiektuan aurreikusitako lanen artean.
Hurrengo urratsa
Proiektua eginda eta aurkeztuta, udalak Gurutze Berri eraberritzeko finantziazioa lortzeko pausoak emango ditu, eta obraren esleipena egingo dute ondoren. Auzoko bizilagunek azken urteetan egindako eskaerari irtenbide bat emango dio udalak horrela. Adineko jende asko bizi denez bertan, eremua irisgarriago egingo dute.
Proiektuaren inguruko zalantzak dituzten herritarrek udaletxera jo dezakete.