Pentsio duinen alde, pedal kolpeka
Pentsiodunen Mugimendua bizikleta martxa egiten ari da Gipuzkoan barrena, larunbateko manifestazioa girotzeko. Gaur Goierrin barrena ibiliko dira egun osoan.
Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak deituta, Gipuzkoan barrena bizikleta martxa egiten ari dira egunotan, larunbatean Donostian egingo duten manifestazioa girotzeko. Gaur Goierrin barrena dabiltza, pentsio duinen aldeko aldarrikapena pedal kolpeka eta herriz herri zabalduz. Goizean, Tolosatik abiatu eta Ibarra eta Alegian barrena, Legorretara sartu dira 10:30ak aldera. Han geldialdi labur bat egin eta bideari ekin diote, atzera ere. Lazkaora, Beasainera eta Ordiziara joango dira, besteak beste. Han bazkaltzeko etena egin eta gero, arratsaldean berriz bizikletak hartu eta Ormaiztegitik barrena, Urretxu eta Zumarragara joango dira. Han egingo duten ekitaldiarekin bukatuko da Goierrin barrena egiten ari diren martxa.
Datozen egunetan, Gipuzkoako beste hainbat eskualde zeharkatuko dituzte. Eta larunbatean, manifestazioa egingo dute Donostian; Alderdi Ederren hasiko da, 17:00etan, eta pentsiodun eta herritar guztiak gonbidatu dituzte bertan parte hartzera. Bizikleta martxarekin, nahiz Donostiako manifestazioarekin, “pentsio publikoak, duinak, bidezkoak eta nahikoak” aldarrikatu nahi dituzte. Hauek dira pentsiodunen aldarrikapen nagusiak:
- 2011ko eta 2013ko pentsio-erreformen eta 2010eko eta 2012ko lan-erreformen murrizketak indargabetzea.
- 2021erako iragarritako murrizketa berriak eta Escrivá jaunak sustatutako Pentsio Publikoen Sistemaren pribatizazioa gaitzestea.
- Gutxieneko pentsioa 1080 eurokoa eta Lanbide Arteko Gutxieneko Soldata 1200 eurokoa izan dadila.
- Soldaten eta pentsioetan dagoen genero-arrakala amaitzea. Ezkontidearen pentsioaren %100 alarguntza-pentsiorako.
- Erretiro aurreratua, Kongresuan eta Autonomia Erkidegoetako parlamentuetan onartutako legez besteko proposamenen arabera kotizatutako 40 urterekin, zigortu gabe onartzea.
- Pertsonek bizi-baldintza duinak eta osasun-zerbitzu publikoak eta zerbitzu sozio-sanitarioak izateko duten eskubidea bermatzea, gure osasuna bermatzeko.