Santa Lutzi errekan zakarrez itxita zegoen oztopoa kendu dute

Errekaren ibilguan ernetako zuhaitzek, eta bertan katigatuta pilatu diren adaxkek eta zakarrek oztopoa sortu zuten Santa Lutzi errekan, Ezkio eta Gabiria udalerrien muga-lerroan. Eusko Jaurlaritzaren Ura agentziak lehengo astean jakinarazi zuen kendu dutela eragozpena.
Ibaiaren joana ia erabat itxita zeukan buxadurak edo tapoiak. Ura-ren arabera, Gabiriako Udalak ohartarazi zion «korronteak garraiatutako adarrez eta egurrez osatutako tapoi bat» zegoela. Ezkioko Santa Lutzi auzoko etxebizitzen paretsuan, A-636 autobidearen zubia baino beheraxeago zegoen oztopoa, argindar zentralera iritsi aurretik. «Tapoi hori ibilguan osatu da, ibilguaren erdian modu naturalean sortu zen zuhaitz baten aurka talka egitean», azaldu du Urak.
Garbitu dute
Lehengo ostiralean jakinarazi zuen uraren euskal agentziak jada Santa Lutzi errekako zati hori atzera libre dagoela. Oztopoa sortzen zuen zuhaitza moztu, eta zakarrak erreka-zulotik atera ondoren, guztiz garbitu dute zati hori. Harrizko lubeta batek sendotuta dago, pare horretan. Ura agentziaren arabera, presa efektua egin zezakeen tapoiak, eta ibaian goi aldera gainezka eragin, uholde arriskua handituta.