Legazpitik igaro da pentsiodunen bizikleta martxa
Larunbatean amaituko dute ibilaldia Donostian, ia Gipuzkoa osa zeharkatu eta euren aldarrikapenak zabaldu eta gero. Han manifestazioa egingo dute, Alderdi Ederretik 17:00etan aterata.
Zumarragatik Bergararainoko gaurko etapan, Legazpitik igaro da goizean pentsiodunen bizikleta martxa. Partaideek geldialdia egin dute Korosti suhiltzaileen parkean, hango langileen elkartasuna jasotzeko. Ondoren, herria zeharkatu dute, bidean legazpiarren txaloak jasoz.
Astelehenean abiatu ziren pentsiodunak Errenteriatik, eta ia Gipuzkoa osoa zeharkatu eta euren aldarrikapenak zabaldu ondoren, Donostian amaituko dute bizikleta martxa larunbatean. Han manifestazioa egingo dute, 17:00etan Alderdi Ederretik abiatuta.
Aldarrikapenak
Bizikleta martxa hau pentsiodunen mugimenduak duela hiru urte pentsio duinen alde abiatutako borrokaren testuinguruan kokatzen da, astelehenero egiten dituzten elkarretaratzeak bezala.
Hainbat aldarrikapen dituzte: 2011ko eta 2013ko pentsio erreformen murrizketak eta 2010eko eta 2012ko lan erreformak indargabetzea, 1.080 euroko gutxieneko pentsioa eta 1.200 euroko gutxieneko soldata, pentsioen genero arrakala amaitzeko neurri eraginkorrak, eta ezkontidearen pentsioaren %100 alarguntza pentsiora bideratzea, beste batzuren artean. Bestetik, pentsioen sistema publikoaren pribatizazioa eta iragarritako murrizketak arbuiatzen dituzte.