«Mar eta bion artean 60 herrialde baino gehiago ezagutu ditugu»
Azken hilabeteak ez dira gozoak izan bidaiarientzat, baina urrutira joan gabe ere bidaiatu daitekeela erakutsi du Aitor Casadok. Hurrengoa noiz egingo irrikan dago.
Zure bidaiak konpartitzea gustatzen zaizu. Bihar zer eskainiko duzu Latxartegin?
Urtarrilean Balcanes Wonderland lana eskaini genuen Mar Torrijos nire bikotekideak eta biok, Balkanetan zehar egindako ibilbidea kontatuz: Eslovenia, Kroazia, Bosnia-Herzegovina eta Montenegro, guztiak Yugoslavia ohikoak. Oraingoan, Errumaniara eta Bulgariara egindako bidaiekin osatutako lana eskainiko dugu, haren jarraipena.
Noiz hasi zinen bidaiak egiten?
Unibertsitate garaian hasi nintzen, batez ere Europan zehar. Gero mendira jo nuen, baina 2011ko udan Bulgarian treking bat egiteko asmoa nuela, bertan behera utzi behar izan nuen belauna minez hasi nuelako. Haren ordez bidaia antolatu bat egitea pentsatu nuen, eta Birmania aukeratu nuen. Han ezagutu nuen Mar. Bidai kontuetan gustu berekoak gara, eta uda hartatik, urtean behin bat egiten dugu elkarrekin, Aste Santuan beste bat eta Gabonetan ere bai. Urtean hiru bai, behintzat.
Non egon zarete orain arte?
Birmainara joan eta gero, Indiara joan ginen, bidaizale guztiek egin beharko luketen bidaia egitera. Japonia, Uzbekistan, Vietnam, Indonesia, Etiopia, Islandia… ere ezagutu ditugu.
Ezagutu, eta ezagutzera eman dituzue.
Bai. Mendian nenbilenean hasi nintzen ikus-entzunezkoak egiten. Hasieran Izadi Zaleak elkartekoei erakusten nizkien bakarrik, eta gero kultur etxean, herritar guztiei zuzenduta. 2011n hasi nintzen bidaietako lanekin, eta ondoren urtero bat egiten eta erakusten dut, gutxienez.
Bidaiatzean, zerbait ikasita joaten gara, han bertan argazki mordoa atera eta gehiago ikasten dugu, eta bueltan, ikus-entzunezko horiek egiteko gehiago ikasten dugu oraindik. Hori guztia helarazten diogu publikoari.
Blog bat ere baduzue.
Bai, nire mendi garaian KxK Mendian Gora sortu nuen, mendiko erreportajeak zabaltzeko. Lehen bidaia handietakoak ere bertan zabaldu nituen, eta gutxira KxK Munduan Zehar bihurtu zen bloga. Azkenik, Pasaporte a Wonderland izena eman genion [www.pasaporteawonderland. com]. Horrez gain, sare sozial guztietan gaude. Bizi izandako esperientziak partekatzea da gure helburua, baita gomendio batzuk ematea ere.
Iaz ez zenuten bidaiarik egin.
Aste Santuan Maltara joatekoak ginen, eta udan Kolonbiara, baina pandemiagatik, ezin izan genuen. Txina genuen pentsatuta hasieran, baina gero Kolonbiara aldatu genuen, birusa hara iritsiko ez zelakoan… Zorionez, diru guztia berreskuratu ahal izan genuen.
Eta zein izan zen alternatiba?
Espainian zehar ibili ginen, kotxez, 28 egunez. Hemendik irten eta Kantabria-Galizia-Madril-Murtzia egin genuen, 6.000 kilometrotik gora.
Gertuago ere ibili zineten.
Bai. Gipuzkoako aldundiak kaleratu zuen Pasaportea osatzen ibili ginen, eta gertuko beste hainbat toki ezagutzeko eta erakusteko ere baliatu genuen. Blogean daude ikusgai flych-ean, Omako basoan, Añanan, Albaolan edo Tolosako Topic museoan egindako erreportajeak.
Itxialdiko egunak, berriz, bloga berritzen eman zenituen.
Etxean geratu ginenean, lehen lau plataformetan sakabanatuta neukan eduki guztia plataforma bakarrean biltzea lortu nuen. Ordu askoko lana izan zen, baina orain bloga seguruagoa da, eta kalitate handiagokoa.
Planik egin al duzue udarako?
Oraindik ezin dut ezer zehaztu, baina hasi gara udari begira, bai. Seguru aski Europa aldean geratuko gara.
Zein da bai ala bai egin nahi duzun bidaia?
Toki asko ezagutu nahi ditut. Mar eta bion artean 60 herrialde baino gehiago ezagutu ditugu dagoeneko, eta horiez gain nik zerrenda bat dut, Marrek beste bat… Nireen artean, Argentina eta Costa Rica daude, eta Asiara itzuli nahiko nuke.
‘Balkanetatik Karpatoetara’, bihar Latxartegin
Aitor Casadok eta Mar Torrijosek ‘Balkanetatik Karpatoetara’ eskaniko dute bihar, Latxartegi aretoan, 19:00etan. Bulgariara eta Errumaniara 2017an eta 2019an egindako bidaiak kontatuko dituzte. Urtarrilean eskaini zuten Balkanetako emanaldiaren jarraipena izango da, Europa ekialdean barna.
Bikote honen emanaldi guztiak bezala, saioa hiru zatitan banatuta egongo da. Ibilbidea azalduko dute lehenik, ekonomia, kultura edo erlijioari buruzko informazioarekin batera. Ondoren, 36 minutuko ikusentzunezko bat proiektatuko dute, eta amaieran bitxikierientzako tartea izango da. Publikoarekin partekatzeko joko bat ere izango da, eta opariak.
Latxartegiko edukiera 147 ikusleetara dago mugatuta. Sarrera hartu behar da, gaur Kultur Etxean (16:00-19:00), edo bihar emanaldiaren aurretik, Latxartegin bertan.