Udako saltzaileak inguratzen ari dira
Giroa pixkanaka berotzen ari bada ere, maiatzeko azken feria izateko hotz egiten zuen goizean, izotz puntua ere bai tokika. Hala ere, udaren hurbiltasunaren seinaleak areagotzen ari dira.
Naturaren gorabeherak ahoz aho, ilargi betea eta hotza, Legazpin garbi eta hiru gradu atzo goizean, Ordizian behe lainoa eta zortzi. Eguzkia gorenera iristen ari deneko garai honetan bero handiagoa eskertuko lukete zenbait barazkik, hala nola tomateek eta piperrek.
«Gu ere herdoilak jotzen ez bagaitu…», zioen umorez baina kezkaz M. Jesus Oriak Itsasoko Eztala Goikoko barazki berriak aurkezten zizkigunean. Erremolatxa eta borraja berriak ekarri zituen (1,5 euroan sorta). Biak ala biak ia urte osoan gure baratzeetan izan ditzakegun barazkiak dira.
Erremolatxei dagokienez, azkenak orain dela bizpahiru aste ekarri zituzten. Ia garatzeko puntuan izaten dira azkenak eta erraboila gogortu egiten zaie, berrien gozotasunetik urrun. Borrajak berriz «loratzen uzten dugu, oso lore polita du, morea eta zuria ere bai tarteka, eta erleek ere oso gustuko dute, hazia berez zabaltzen da eta handik hasten dira landare berriak».
Udaren seinaleak
Garai aldaketaren zantzu nabarmenak badira, arkume garaia joan da esate baterako. Goiko larreetara joaten hasi dira artzain batzuk eta prestatzen beste zenbait. Gazta egitea ere oso aurreratua dute askok. «Guk datorren astean bukatuko dugu aurtengo gazta elaborazioa», aipatu zigun Goiburu gazta saltzen duen Naroa Irigoienek.
Bestalde, arto opila egiteari laster utziko dio Maite Iturbe okinak, hau ere neguko jakitzat har daiteke eta bezeroek erosteari uzten diote garai honetan.
Berriz ere etortzen hasi da Oñatibi Txikiko Joxe Antonio Elosegi etxeko goiz gerezi asko, sagar zukua eta babak denboraldi honetako lehen eskaintza.
Plazatik atera eta beheko zuhaiztira joz gero, fruta postuak astetik astera beteago ikus genitzake. Udaberri, udako frutak ekartzen hasi dira. Aukeran beraz, gerezia, brinoia, mertxika, paraguaioa, albertxikoa…
Pintxoen ekimena martxan
Azokara jendea erakartzeko ekimenen artean, plaza erdian propio prestatutako sukaldean atzo hasi ziren azokako pintxoak egiten. Hilabetean behin, garaiko produktuekin sukaldari batek, atzo Xabi Martinezek, pintxoa egin eta bertan ez ezik, bideoz ere aurkeztua izango da.
Atzoko erosketa orgatxoa eta azokako barazki loteen irabazleak berriz hauek izan ziren: Ordiziako Julio Aguado, Tere Garcia, Lurdes Etxezarreta, Trini Bueno, Honori De los Mozos eta Arantxa.