CAFeko sarrera nagusiko Oria ibaiaren ibilgua zabaltzeko proiektua, udazkenerako amaituta
CAFeko sarrera nagusiaren eremuan Oria ibaiak duen uholde arriskuari aurre egiteko proiektua idazten ari dira Beasaingo Udalak, CAFek eta URAk sortutako batzordea.
CAFeko sarrera nagusiaren eremuan Oria ibaiak duen uholde arriskuari aurre egiteko proiektua idazten ari dira Beasaingo Udalak, CAFek eta URAk sortutako batzordea. Gaur egin dute lehen bilera Beasainen eta ondoren, obra lekura bertara joan dira Leire Artola Beasaingo alkatea, Antonio Aiz Uraren Euskal Agentziako zuzendari nagusia eta Gorka Zabalegi CAFeko giza baliabideetako zuzendaria. Bileran, “CAF lantegiaren eta Beasaingo udalerriaren garapena zuzenean baldintzatzen duen erronka hidrauliko horri erantzuteko modu arin eta eraginkorrean lan egitea adostu” dute hiru aldeek.
Proiektua urrirako idatzia
Proiektua idazteko lana urrirako amaituta izatea aurreikusi du Antonio Aizek. Ondoren, obren lizitazioa egin beharko da lanak hasteko.
3 milioi euroko inbertsioa izango du eta lanak urtebetean amaitzea espero dute. Proiektuaren arabera, ibaiaren ezkerreko ertzean, “CAFerako sarreraren parean dauden eraikinak eraitsi egingo dira, ibilgua zabaltzeko, haren ahalmen hidraulikoa handitzeko eta Oria ibaiak ubidea gainezkatzeko aukerak murrizteko”. CAF enpresara sartzeko zubi berria eraikiko dute, zaharra botata, “ibilguak izango duen zabalera berriari egokitua”. Udalak eta Urak agentziak, erdibana, finantzatuko ditu lanak. CAFek, bestalde, konpromisoa hartu du “bere jabetzakoak diren eta proiektutako obra hidraulikoen eraginpean dauden Oria ibaiaren ezkerreko ertzean dauden lursailak eta eraikinak Uraren Euskal Agentziaren esku jartzeko”.
“Ondare zati garrantzitsua”
Beasaingo alkatearen esanetan, CAFerako sarrera nagusia “inguru enblemetikoa” da beasaindarrentzat. Baina, “ingurua berrurbanizatzeak duela hamarkada batzuetatik ditugun uholde arrisku arazoak errotik kentzea dakar, eta beraz, pertsonan eta ondasunen segurtasunean irabaziko dugu”. Horrekin batera, “irisgarritasuna hobetzeko aukera” emango dela dio: “Zirkulazioaren bi noranzkoak berreskuratuko dira, bidearen bi aldeetan espaloi zabalak jarrita. Ezkiaga auzoarentzat aurrerapauso bat izango da, zalantzarik gabe”. Artolak nabarmendu duenez, beasaindarren “ondare zati garrantzitsuaren zati bat, seinale bat” utziko dute.