Goierriko 93 emaileri aitortza egingo die Odol Emaileen Elkarteak
2020 urteko intsigniak banatuko dira, ordezkaritza bakoitzak antolatuko ekitaldietan. Intsignia jasoko duten 93 odol emaile goierritarrek, 3.500 odol emate batzen dituzte guztien artean
Gipuzkoako odol emaileei aitortza egingo die Gipuzkoako Odol Emaileen Elkarteak, hurrengo egun eta asteetan, ordezkaritza desberdinek antolatu dituzten ekitaldietan. Ekitaldi horietan, 2020. urteko intsigniak banatuko zaizkie odol emaileei, iazko ekitaldia, bertan behera geratu baitzen osasun larrialdiagatik.
Goierri eskualdean, 93 pertsonek jasoko dute intsignia: 25 aldiz odola eman duten gizon eta emakumeak, 51 dira; 40 aldiz eman duten emakumeak, 10; 50aldiz eman duten gizonak, 22; 60 aldiz eman duten emakumeak, 2; eta 75 aldiz eman duten gizonak, 8.
Goierriko 93 odol emaile horiek, 3.500 odol emate egin dituzte guztira, Gipuzkoako Odol Emaileen Elkarteak luzatu dituen datuen arabera. Gipuzkoan, 496 odol emaile daude, 23.305 aldiz eman dute odola. Sabin Urzelai elkartearen lehendakariak nabarmendu du, odol emaile horiei esker «milaka bihotzek taupadaka jarraitzen» dutela Gipuzkoan. Horregatik, «ekitaldi xumeak» izango badira ere, pertsona horiei guztiei eskertza egingo zaie.
Goierriko ekitaldiak
Goierrin, hainbat herritan egingo dira ekitaldiak. Ataunen, atzo arratsaldean egin zuten. Zumarragan eta Urretxun 25 odol emailek jasoko dute intsignia, bihar, larunbata, 12:00etan Zelai Ariztin egingo den ekitaldian. Lazkaon, 3 intsignia emango dituzte, igandean. Legorretan, 5 banatuko dituzte, igandean, 13:00etan udaletxean. Zegaman ere larunbatean banatuko dituzte.
Ordizian eta Beasainen, hurrengo asteburuan egingo dituzte ekitaldiak. Ordizian 17 intsignia emango dituzte, ekainaren 5ean, Barrenan, 12:30ean. Beasainen 13 intsignia banatuko dituzte, ekainaren 5ean, udaletxean, 12:30ean.