Idiazabalgo Laulagun Bearings enpresa bisitatu du Markel Olanok
Laulagunek "berrikuntzaren eta kalitatearen aldeko apustu irmoa" egin duela adierazi du diputatu nagusiak. Bilera izan dute Pello Irujo zuzendari nagusiak, Legris Industries Taldeko presidente Erwan Taton-ek eta Ekonomia Sustatzeko Jabier Larrañaga foru diputatuak.
Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkariek Idiazabalgo Laulagun Bearings enpresa bisitatu dute. Energia berriztagarriei lotutako industria “zutabe sendo bat” dela adierazi du Markel Olanok, eta “oinarri sendo eta funtsezkoa” dela lurralde osoaren ekonomia suspertzeko. Idiazabalgo bi lantegiez eta Olaberrikoaz gain, Indian ere dauka lantegia enpresak.
Konpainiako arduradun nagusiekin izandako bileran parte hartu dute Pello Irujo Laulaguneko zuzendari nagusiak, Legris Industries Taldeko presidente Erwan Taton-ek eta Ekonomia Sustatzeko foru diputatu Jabier Larrañagak. Olanok adierazi du Gipuzkoako industriak “etorkizuneko erronkei aurre egiteko duen gaitasun teknologiko eta berritzailean erabateko konfiantza” duela, eta erronka bat izango dela “ekonomia berde bat garatzea”.
Egun 300 langile ditu plantillan Laulagun Bearingsek eta Gipuzkoako industria sareko enpresa nagusietako bat da: “Hurrengo urteetan zifra hori handitu nahi dugu I+G+B arloan egiten dugun apustuari esker eta nazioarteko merkatuan murgilduz”, esan du Pello Irujo zuzendari nagusiak.
Energia eolikoaren esparrua Gipuzkoarentzat aukera eremua izan daitekeela gehitu du: “Laulagunen adibideak ekonomia berdea garatzeko jarraitu beharreko bidea erakusten digu”. Bisitan ordezkariek adierazi dutenez, Aldundiak laguntza deialdia egingo duela laster enpresa sarearen aukerak eta jasangarritasuna sustatzeko, 4,28 milioi euroz hornituta.