Iñigo Zapirainek irabazi du spotik onenaren saria EUSPOT lehiaketan
'Geroa ereiten' lanagatik 1.000 euroko saria irabazi du Idiazabalen bizi den ibartarrak. Spotaren kalitate teknikoa eta mezuaren egokitasuna baloratu dituzte gehien. Berak ez ezik, familiak ere parte hartu du lanean.
EUSPOT Euskarazko Spot lehiaketako sari nagusia irabazi du Iñigo Zapirain Garmendia Idiazabalen bizi den ibartarrak. Sara Mujika idiazabaldarrarekin eta seme alabekin egindako lana izan da. ‘Geroa ereiten’ spotarengatik jaso dute spotik onenaren saria, eta 1.000 euroko ordainsaria irabazi. Spotaren kalitate teknikoa eta mezuaren egokitasuna baloratu du epaimahaiak.
Aurtengo edizioan 87 spot aurkeztu dira, iaz baino 36 gehiago. ‘Nekazaritzatik bizi nahi dugu!’ izenpean, gazteak eta emakumeak familia-nekazaritzatik bizi izatera animatu dituzte spoten bidez. Aretxabaletako Arkupe Kultur etxeko Zaraia aretoan egin da sari banaketa ekitaldia eta lehiaketan aurkeztutako 87 iragarkietatik epaimahaiak aukeratutako 15 finalistak ikusi ahal izan dira pantaila handian.
Guztira Euspotek 2.800 euro banatu ditu saritan, sei kategoria ezberdinetan. Bittor Oroz, HAZI-ko lehendakaria eta Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Politikako sailburuordeak banatu du spotik onenaren saria.