Organoaren kokapenaz
Legazpiko parrokian 1905ean inauguratu zen organoaren kokapena ez zen Saturnino Telleria herriko medikuaren gustukoa, ez zegoelako koruaren erdian, aldarearen pare-parean. Hala adierazi zuen gutun batean.
Legazpiko Organo Zikloa hastera zihoala, Kontxi Otegi legazpiarrak etxean gordeta duten altxor bat gogoratu zuen. Bere aitona Martin Plazaola Legazpiko Udaleko idazkaria izan zen, eta hark utzitako hainbat dokumentu ditu Kontxik jasota, horien artean, herriko mediku Saturnino Telleriak elizako organoaren inguruan 1904an idatzitako gutuna.
Aquilino Amezua ari zen organoa egiten garai hartan, Mendizabal familiak emandako 30.000 pezetako aurrekontuarekin (180 euro), baina harentzat aukeratutako kokapenarekin ez zegoen ados Telleria, koruan aldarearen parean jarri beharrean, albo batean jarri nahi zutelako.
Gustuko ez zuen kokapen horren inguruan, horrela zioen Zestoatik 1904ko azaroaren 23an Plazaolari idatzi zion gutunean: «Ederra eta ikaragarria izango litzateke organoa aldare nagusiaren parean jartzea. Zein ikuspegi ona izango lukeen tenpluak, aldarea eta organoa ikusi daitezkeen puntutik begiratuta; aldareari begiratuz, obra serio eta dotorea ikusiko litzateke, eta koruari begiratuz, elizaren handitasuna areagotzen duen artelan bat».
Estetika kontuekin nahikoa ez, eta akustikari ere egiten zion aipamena: «Albo batean kokatuta eta pareta hain gertu izanik, organoko tutuen bibrazioek eragindako soinu uhinek talka egingo lukete pareta horrekin… eta ondorioz, aldarearen parean egonda izango lukeen soinu hain purua ez luke izango».
Amaitzeko, organoa «gai horretan dakitenek nahi duten bezala» kokatzea eskatzen zuen, «aldrebeskeria bat [‘mamarrachada’ dio gaztelaniazko gutun originalak] gerta ez dadin».
Gaurko organoa
Saturnino Telleriaren eskaerek ez zuten aurrerabiderik izan, eta aurreikusita zuten bezala, organoa koruko albo batean kokatuta, 1905ean inauguratu zuten.
Gaurko organoa 1958 eta 1962 artean parrokian egindako obren garaikoa da. Estilo erromantikokoa eta koruko bigarren pisuan kokatuta dago, aldareari begira. Amezua y Cia etxeak egin zuen 550.000 pezetako kostuarekin (3.306 euro). Aurretik zegoen organoaren hainbat pieza berrerabili zituen, besteak beste tutuak, bi hauspo eta pistoiak.
Thomas Ospital, zazpigarren zikloa ixteko gonbidatua
Amaierara iritsi da Legazpiko Parrokiko Organo Zikloaren zazpigarren edizioa. Igandean 19:00etan hasita Thomas Ospitalek emango duen kontzertuak itxiko du. Aurretik beste bi emanaldi izan dira, Itziar Urbietarena bat eta Mikel Ansolarena bestea.
Thomas Ospital 1990ean jaiozen Aiherren (Nafarroa Beherea). Parisko Saint Eustache elizako organo handiaren titularra da, eta 2016- 2019 bitartean, Frantziako Irrati Nazionalaren Grenzing instrumentu berriaren lehen organo jotzailea zen. Parisko Goi Mailako Musika Kontserbatorio Nazionaleko teklatuan harmonia irakaslea da gainera 2017tik,eta aldian-aldian kontzertuak eskaintzen ditu bakarlari gisa zein orkestra sinfonikoekin Europa osoan, Errusian, Estatu Batuetan…
Berlingo Filarmonika, Radio Franceko Auditorioa edo Madrilgo Auditorio Nazionala bezalako areto ospetsuetan jo du. Sari ugari ere irabazi ditu eta bi disko ditu grabatuta. Igandeko kontzertuan, berak konposatutako Improvisation pieza interpretatuko du, besteak beste.