Pablo Irizar pilotua Cooper Kopa lehiatzeko itzuliko da zirkuitura
Hogeita lau urteren ondoren, automobilismoko lehiaketara itzuliko da Pablo Irizar Zubizarreta gabiriarra. Bihar hasiko dira, Los Arcosen Nafarroako Zirkuituan.
Hogeita lau urteren ondoren, automobilismoko lehiaketara itzuliko da Pablo Irizar Zubizarreta gabiriarra. Mini Cooper Kopan ariko da Bergaran bizi den pilotua, Rafa Valdesekin bikotea osatuta. Bihar hasiko dira, Los Arcosen Nafarroako Zirkuituan.
Aurten, bost astebukaeratan, denera hamar karrera jokatuko dira Cooper Kopan, asteburu bakoitzeko bi. 35 bat talde osatu dira. Bihar eta etzi Nafarroan hasi, eta Chesten (Valentzia) ekainaren 26-27an, Motorlanden (Aragoi) uztailak 31-abuztuak 1, Jaraman (Madril) irailak 10-11 eta Jerezen (Andaluzia) urriaren 2-3an segiko du Kopak.
Ordubeteko karrerak
Taldea bi pilotuk osatzen dute, eta txandatu egingo dira karrera bakoitzean. Ordubete iraungo du lasterketak.
1997an utzi zionetik, zirkuituetako lehiaketan aritu gabea da Irizar. Jaraman bost test egun eta Los Arcosen beste bi egin dituzte, Mini Cooper autoarekin. Eskua ez du galdu; denbora onenetatik 2 hamarrekotara jartzea lortu du, eta Irizar bera lehen sei azkarrenen artean ibil daiteke.