Agur beroa eskaini diote Kutxa Bira egitasmoari Seguran
Seguran egin diote azken agurra Euskal Herria eta diaspora zeharkatu dituen kutxari, Kutxa Bira ekimenaren baitan
Argentinatik abiatu, eta Euskal Herria gurutzatu ondoren, Seguran amaitu da Kutxa Bira egitasmoaren ibilbidea. Iparra Hegoa elkarteak, euskararen alde egin ohi diren eta bertan behera geratu diren ekimenen hutsunea betetzeko asmoz jarri zuen martxan Bizi gira…kutxa bira! leloa nagusi izan duen egitasmoa. Hasierako asmoa ekimen hau 15-20 herritara zabaltzea zen arren, azkenean 80 herri zeharkatu ditu euskaldunen ametsak jaso dituen kutxatxoak.
Egurrezko kutxa txikia Urruñatik heldu da gaur eguerdiko 12:30etan, atzo bertan lehen amaiera ekitaldia egin ostean. Bi herri hauetako txirrindulariek Urruñatik Seguraraino bizikletan ekarri dute kutxa. Lehen ongi etorria herri sarreran izan da 12:30etan zanpantzarrek lagunduta, eta bigarrena Gereziondoan, Iparra Hegoaren lehen edizioan duela 25 urte landatu zuten zuhaitzean.
Ekitaldi nagusia Baratze ondoko areto futboleko gunean egin dute 13:00etan hasita. Kike Amonarrizek aurkeztu duen ekitaldi honetan, Segurako mezua aurkeztu eta kutxan sartu dute lehenik eta behin. Dantzariak eta bertsolariak aritu dira ekitaldia girotzen, eta Segurako antzerki taldeak ere egin du Kutxa Birari buruzko antzezpen bat, euskal kulturako hainbat elementuri omenaldia eginez. Azkenik, Amets Arzallusek kutxa barruan gordeta dauden hainbat mezu aukeratu eta bertsoz irakurri ditu. Eguna amaitzeko, 18:00etan, Galerna talde segurarrak kontzertua eskaini du.
Hona hemen Gotzon Aranburuk gaurko ekitaldian grabatutako irudiak: