EH Bilduko alkateak omendu dituzte Ordizian
EH Bilduk aitortza egin die azken bi urteetan instituzioetan lanean diharduten koalizioko alkateei. Ordiziako alkatea den Adur Ezenarrori ere orain arte egindako lana eskertu diote
Udal eta foru hauteskundeak egin zirenetik legealdi erdia bete denean, EH Bilduk alderdiko alkate eta zinegotzien lana goraipatu du Ordizian egindako ekitaldian, alkateen lana proiektu ezker independentista bultzatzeko ezinbestekoa dela azpimarratuz.
Adur Ezenarro Ordiziako alkatea, Pablo Ortiz de Latierro Argantzungo alkatea, Iñigo Hernando Galdakaokoa eta Oihan Mendo Gareskoa omendu dituzte gaurkoan. Ekitaldian parte hartu dute baita ere EH Bilduko koordinatzaile nagusia den Arnaldo Otegik, Madrilen diputatua den Mertxe Aizpuruak eta Azpeitiako alkatea den Nagore Alkortak. Azken honek aitortza berezia jaso du ekitaldira inguratu direnen aldetik, azken hilabeteetan Corrugadosen auzia dela eta jasan duen jazarpen mediatiko eta politikoaren aurrean izandako jarrera goraipatuz.
Ezenarrok, koronabirusak sortutako egoeraren aurrean hartutako erabakien inguruan hitz egin du gaurkoan: «Udalek, gure baliabideekin, asko egin dezakegu herritar, merkatarien edo ostalarien alde. Ordizian horretan saiatu gara». Azkenik, argi utzi nahi izan du zein diren haien lehentasunak: «pertsonen bizitzak erdigunean jartzen dituen komunitatea osatzea da edozein krisiri aurre egiteko modurik eraginkorrena».