Ekaina kultur ekitaldiz beteta dator Araman
Kontzertuak, argazki saioak, San Joan sua eta ipuin kontaketa izango dituzte, Gaztaintxota elkarteak eta udalak antolatu duten egitarauan.
Gaztaintxota Elkarteak eta Aramako Udalak, ‘ekain kulturala’ egitaraua antolatu dute. Bihartik hasita hilaren 25era arte, musika emanaldiak, ipuin kontaketa eta bestelako ekitaldiak izango dira.
Aramako musika ikasleek zabalduko dute egitaraua, bihar, 18:30ean egingo duten kontzertuarekin. Eguraldiaren arabera, emanaldia plazan edo frontoian izango da.
Hilaren 6an, berriz, Eneko Dorronsoro eta Fredi Pelaez musikarien txanda izango da; Agirre diskoa aurkeztuko dute zuzenean, 18:00etan hasita. Aforoa mugatua izango denez, aurrez hartu behar da tokia, 627 191 782 (Imanol) edo 626 523 064 (Ana) zenbakietara whatsapp mezua bidalita.
Datorren astea, berriz, argazkiena izango da. Nomad Studioko Eli eta Carlos Araman izango dira, haien autokarabanarekin astea pasatzen, eta gerturatzen diren herritar guztiei erretratuak egingo dizkiete.
San Joan bezpera
Hilaren 23an, San Joan bezpera ospatuko dute, ohiko sua piztuta. 20:00etan izango da, eta ondoren, mokadutxoa izango dute Toki Alai tabernako plazan, mahaietan banatuta.
Eta egitaraua bukatzeko, Betzaida ipuin kontalariaren saioa izango da, hilaren 25ean. Parkean egingo dute emanaldia, 19:00etan. Ikusleek, toalla bana eraman behar dute, antolakuntza eta segurtasun neurriak errazteko.