Ostalaritzako eta kulturako jarduerak, gauerdira arte irekita
LABIren Aholku Batzordeak aire zabaleko jarduerak malgutzea eta jarduerak eteteko ordutegia zabaltzea erabaki du
LABIren Aholku Batzordeak, gaurko bileran, Iñigo Urkullu lehendakaria buru dela, eta LABIren Batzorde Teknikoaren irizpenaren eta Biziberri III Planaren gomendio zientifiko-sanitarioak aintzat hartuta, aire zabaleko kirol-jarduerak malgutzea eta jarduerak eteteko ordutegia zabaltzea erabaki du.
Dekretu berriak bost aldaketa jasotzen ditu indarrean dagoen Dekretuan jasotako neurriei dagokienez:
- Aire zabaleko kirol-jarduera pertsona-kopurua mugatu gabe egin ahal izango da.
- Establezimenduak ixteko eta jarduerak eteteko ordutegia gaueko 12:00-ak arte luzatzen dira.
- Garraio publikoaren irteera ordutegia gaueko 12:00-ak arte luzatu daiteke.
- Aisialdiko taldeak gehienez 10 lagunekoak izango dira, betiere egonkorrak direla bermatzen bada.
- Aire libreko erakusketa eta gune turistikoetako bisitetan taldeak 10 lagun artekoak izan litezke.
20 eguneko epean berrikusiko dira neurriak. Hala ere, Urkulluk agerraldian garbi eskatu du, beharrezkoa dela norberaren babeserako neurri guztiak betetzen jarraitzea. “Tunelaren amaieran argia ikusten ari gara, baina zuhurtzia mantendu behar dugu datozen hiru asteetan. Asko aurreratu dugu. Orain helburua da atzera ez egitea”, adierazi du.