Ekaitzak irudi ikusgarriak utzi ditu
Egun beroa izan zen atzokoa, eta gauean ekaitza lehertu zen. Euskal Herrian 700 tximista baino gehiago zenbatu ditu Euskalmetek. Horietako batek, Zumarragako herrigunea jo zuen.
Iragarrita zegoen, baina atzoko ekaitzak ezustean harrapatu zituen herritar asko. Bero handia egin zuen atzo, eta gauean, ekaitza lehertu zen. Euskal Herrian 777 tximista zenbatu zituen Euskalmet meteorologia agentziak.
Horietako batek, Zumarragako herrigunea jo zuen, bete-betean. Bertako bizilagunen arabera “argi eta zarata handia” eragin zituen. Ez da inor zauritu. Mikel Serrano Zumarragako alkateak azaldu duenez, “irudiak ikusita, tximistak sekulako triskantza egin duela dirudi, baina ez da hala izan. Gaur goizean non jo zuen jakiten saiatu gara, baina ez dugu lortu. Izan ere, inork ez zien suhiltzaileei edo SOS Deiak-i deitu. Irudien arabera, tximistak Hiri Lorategia auzoaren goialdean jo zuela dirudi”.
Tximistez gain, haizea eta euria ere egin zituen. Ordizian, 83,3 kilometro orduko boladak neurtu zituzten, eta metro kubikoko 6,3 litro erori ziren, hamar minutuko tartean.
Sare sozialetan zabaldutako bideo honetan, tximista bat Zumarragan lehertu zeneko unea ikus daiteke: