Nekane Balluerka, 'Chevalier de l'Ordre des Palmes académiques' izendatu dute
Izendapen horrek, aitorpen pertsonala baino gehiago, talde-lana aintzatestea dakarrela esan du Balluerkak saria jasotzearekin batera.
Nekane Balluerka (Ordizia, 1966) Portaera Zientzien Metodologia arloko katedraduna eta Euskal Herriko Unibertsitateko aurreko errektorea, Chevalier de l ‘Ordre des Palmes académiques izendatu dute. M. Jean-Michel Blanquer Frantziako Hezkuntza Nazionaleko ministroak, Yann Battefort Frantziak Bilbon duen kontsul nagusiak proposatuta jaso du Balluerkak sari hori, «Euskal Herriaren eta Frantziaren arteko mugaz gaindiko unibertsitate-lankidetzaren arrakastan izan duen inplikazio pertsonalagatik eta zeregin erabakigarriagatik».
Saria jaso eta Balluerkak berak nabarmendu du, «ohorea eta pribilegioa» dela Frantziako Hezkuntza Nazionaleko Ministerioaren izendapen ospetsu hau jasotzeko proposamena egin izana, eta horregatik, «eskerrak» eman dizkio Battefort ministroari.
Izendapen horrek, «aitorpen pertsonala baino gehiago, talde-lana aintzatestea» dakarrela adierazi du Balluerkak; «karguan nire aurretik egon diren pertsonen eta haien taldeen lana, Euskampus Fundazioarena, nire taldearena eta, batez ere, unibertsitate-komunitate batena, unibertsitatearen bikaintasunean eta Euskal Herriaren eta Frantziaren arteko mugaz gaindiko lankidetzaren garrantzian irmoki sinetsi baitu».
Battefort kontsulak ekitaldian honako hau adierazi du: «Jean-Michel Blanquer Frantziako Hezkuntza ministroak Nekane Balluerkak eta UPV/EHUk Bordeleko Unibertsitatearekin mugaz gaindiko unibertsitate lankidetzan egindako rolla aitortu nahi izan du. UPV/EHUk eta Bordeleko Unibertsitateak sortutako mugaz gaindiko campusa eredu erakargarria da ikasle eta ikertzaileentzat, eta etorkizuneko enpleguak sortzen laguntzen du. Bai Frantziak Espainian duen enbaxadorearentzat bai niretzat ohore bat da domina hori Balluerka andreari ematea, M. Jean-Michel Blanquer Hezkuntza ministroaren izenean».