Aparizioko errotonda berria ekainaren 15ean irekiko dute guztiz
Errotonda berriari esker, Irimo enpresaren ondoko bidegurutze arriskutsua kendu ahal izango da
Gipuzkoako Foru Aldundia errotonda berri bat egiten ari da Aparizio auzoan. Ekainaren 15erako irekitzea aurreikusten dute.
Errotonda Aparizio auzoaren goialdean egiten ari dira, bidegurutzea dagoen tokian. Intxenea izena eman diote. Biribilgune berri horren helburuetako bat Aparizio auzotik auto gutxiago pasatzea da. Izan ere, Urretxuko inguru hartan lau bidegurutze eta biribilgune bat daude eta horrek segurtasun arazoak sortzen ditu.
Udalak inguru hartan arazoak daudela jakinarazi zion aldundiari. Bereziki, Kaminpe eta Gurutze Gorriaren postuaren artean dagoen bidegurutzearen inguruan. Izan ere, bidegurutze horrek Zumarraga goialdetik Mugitegira, Legazpira eta Urretxura joateko balio du. Baita Legazpitik eta Urretxutik A-636 autobidea hartzeko ere. Hainbat istripu egon dira eta duela urte gutxi batzuk semaforoak jarri ziren arren, oraindik arazoak daude.
Aldundiak eta udalak alternatiba ezberdinak landu zituzten eta, azkenean, Aparizio gaineko (Gurutze Gorriaren postuaren ondoan) bidegurutzean errotonda bat egitea erabaki zuten. Biribilgune horretatik Mugitegira joan nahi dutenek, erreil bat dute dagoeneko beraientzat: Zumarraga aldera irten eta ezkerretara jo ahal dute hurrengo bidegurutzean. Hala, errotonda bukatzen dutenean, Irimo enpresaren ondoko bidegurutzea (semaforoak dituena) itxi egin ahal izango dute, ez baita beharrezkoa izango ez Bergarara joateko, ez Mugitegira joateko eta ezta Legazpira edo Urretxura joateko.
Udalaren asmoa bidegurutzea dagoen tokian espaloia jartzea da. Hala, Aparizioko bizilagunak zebrabiderik pasa gabe joan ahal izango dira herrigunera. Egungo biribilgunea, biribilgune berria eta Kaminpe ondorengo bidegurutzea nahikoa izango dira toki guztietara joateko.
Argazkia: Gotzon Aranburu.