Urretxuko Udalak Hirigintza Plan Orokorra onartu du, aho batez
Maiatzeko osoko bilkuran alokairuan bizi direnentzako laguntzen oinarriak eta deialdia ere onartu dituzte. Eskaerak azaroaren 15a baino lehen aurkeztu behar dira udalaren webgunean
Urretxuko Udalak Hirigintza Plan Orokorra onartu zuen osteguneko osoko bilkuran. Alderdi guztiek aldeko botoa eman zuten. Albiste pozgarria da, azken hamarkadetan hirigintzaren inguruko eztabaida sutsuak egon baitira Urretxuko udaletxean.
Planaren helburua egungo hirigintza egoera erregularizatzea, herriari etorkizuneko egitasmo bat eskaintzea, lur gehiago ez okupatzea (horretarako dagoeneko erabiltzen direnen gainean eraikiko da), erabiltzen ez diren tokiak biziberritzea (Irimo, Kaminpe…), etxebizitza eskaintza zehaztea eta mugikortasun jasangarria bultzatzea da.
Datozen zortzi urteetan biztanle kopuruak gora egingo duela aurreikusten da, eta Planak horrek sortuko dituen beharrei erantzuna eman nahi die. Hala, Gurutzen, Altamira-Santa Barbaran, Gainzabalen, Ipeñarrietan eta Kamineroetan etxebizitzak egitea aurreikusten du.
Jarduera ekonomikoei dagokienez, merkataritza eta hirugarren sektorea indartzea da helburua. Horretarako, herrigunean 1.500 metro koadro gehiago egongo dira. Plan Orokorrak industria ere bultzatu nahi du. Matxinporta, Sagastitxipi eta Mugitegik industria guneak izaten jarraituko dute. Baita Hego Ipeñarrietak (Irimo, Sarralde, Bengolea…), Kaminpek eta Gerrak ere.
Gune libreei dagokienez, Plan Orokorrak 100.000 metro koadro baino gehiago aurreikusten ditu. Ekipamendu berrietarako lursailak Gerran, Altamira-Santa Barbaran, Pagoeta hotelean eta Aparizion egongo dira.
Alokairurako laguntzak
Osteguneko osoko bilkuran etxebizitzen alokairurako laguntzen oinarriak ere onartu ziren. Helburua 18 eta 35 urte bitarteko gazteei, ezgaitasunen bat dutenei, bananduei, 70 urtetik gorakoei eta alargunei laguntzea da. Laguntzak kolektibo horietako bizilagunentzat izango da, beti ere 28.000 euro baino gutxiago irabazten badute urtean (35.000 bikoteen eta familien kasuan).
Eskaerak Urretxuko udaletxeko arreta zerbitzuan aurkeztu behar dira edo urretxu.eus webgunearen bidez. Eskaera azaroaren 15a baino lehen aurkeztu behar da.