Uxue Perezek Azkue literatura sarietako bat lortu du
Beasaindarrak bigarren saria lortu du B mailako olerkien artean, 'Izanak' lanarekin
Uxue Perezek Resurrección María Azkue literatura sarietan bigarren amaitu du. Beasaindarraren Izanak lana 14 eta 17 urte bitarteko gazteek idatzitako lanen onenen artean hautatu dute. Lehen saria Uxue Armental pasaitarrak bereganatu du, Munduari azaleratu lanarekin.
Epaileek “bizitza kontatzeko grina” sumatu dute gazteengan: “Bizirik daudela oihukatu dute, isil bezain ozen”. Ildo horretan, epaileek gailendutako lanak “taupada idatziak” direla adierazi dute, idazle gazteak ahalegindu direlako “kontatzen, esaten, aldarrikatzen, aitortzen, oihukatzen…”. Epaileen artean Patxi Zubizarreta ordiziarra zegoen.
Koldo Bilbao BBKren Kultura arloko arduradunak “belaunaldi honetaz” “oso harro” egoteko eguna dela esan du. “Gaurkoa egun handia da gure hizkuntza eta literaturgintzarako”, gaineratu du. Euskaltzaindiak antolatzen du lehiaketa, BBKrekin batera, idazle gazteak literatura mundura erakartzeko. Andres Urrutia euskaltzainburuak etorkizunean ere hala izango dela aurreratu du, “gazteen artean euskarazko literaturaren harra piztu nahian”. Bilbaok ere konpromisoa berretsi du: “harrobia lantzen gabiltza, etorkizuna bermatuko digun harrobia, harrobirik gabe iragana baino ez zaigulako geratzen. Bertsolaritzan, arte plastikoetan, antzerkigintzan edo eta musikan, harrobiak ardatz eta helburu behar du”.
Ez da lehen aldia beasaindar batek Azkue literatura saria lortzen duela. Irati Goikoetxeak ere irabazia zuen. 1975. urtean sortu zuten lehiaketa, hasieran helduei zuzendua eta azken 30 urteetan gazteen sailarekin. 2019an baino lan gutxiago jaso dituzte, baina halere, bigarren ediziorik arrakastatsuena izan da.