Zumarragar talde batek Izazpi mendiko gurutze txikia berritu du
Hondatuta zegoen 1927an jarritako metalezko gurutze txikia. Loidi galdarategian egindako altzairuzkoa jarri dute haren ordez.
Herritar talde batek Izazpi mendiko gurutze txikia aldatu zuen larunbatean. 1927ko maiatzaren 15ean inguruko baserritarrek Zumarragako lurretan ipinitako metalezko gurutze txikia oso hondatuta zegoela eta, kendu eta haren ordez Loidi galdarategian egindako gurutze berria jarri zuten. Gurutze berria altzairu herdoilezinezkoa da eta herriko armarriaren hainbat elementu ditu.
Urteetan gurutze zaharraren mantentze lanez arduratu zen Jose Roman Urkiolaren, Jose Antonio Larrañagaren eta Loidi tailerreko Juan Luis Elizondoren ekimena izan da. Loidi tailerrak dohainik eman dio gurutzea Zumarragako herriari. Larunbatean hiru zumarragar hauek eta Loidi tailerreko bi langile Izazpira igo ziren gurutze zaharra kendu eta berria jartzera. Pieza zaharra tailerrera eraman dute, eta aztertu ondoren, aurretik beste gurutze bat egon zela zioen inskripzio bat aurkitu dute. Hura egurrezkoa omen zen, eta tximista batek jota erre zen.
Izazpi mendi kuttuna da zumarragarrentzat, eta gurutze txiki honez gain, badu beste bat, handiagoa. Handia Ezkioko lurretan dago, baina mantentze lanak zumarragarren ardura dira. Bi gurutzeen artean, Zumarraga, Azpeitia eta Ezkio arteko mugarria dago.
Gurutze berria jarri eta gero, ingurua txukundu eta aisialdirako gune bihurtu nahi dute, eserlekuak jarrita.