Harribitxizko portua meategietan
Aspaldian igo gabeko mendatea sartu dute Santikutz proban aurten: Gabiriako Ugaran bailara eta Mutiloako meategi eremua zeharkatzen dituena. Ampo taldeak igo du HITZArentzat.
Maiatzaren lehenean, Legazpiko Santikutz proban ez zen lehenengo aldia Troiko meategietako mendatean eliteko lasterketa bat sartu zutena. 2006an, adibidez, Euskal Herriko Itzuliko 2. etapa, Irun-Segura, igaro zen, baina ez ziren Aztiriaraino igo. Samuel Sanchezek (Euskaltel) irabazi zuen Seguran. Juniorren karrerak ere sartzen dituzte segurarrek, baina Mutiloako Ergoenetik igota, Gabiria aldera jaisteko.
Legazpiko karreran, harribitxi bat berraurkitu dute eliteko txirrindularitzarako. «Afizionatuak oso gutxi ibiltzen dira. Oso gogorra da», aitortu du Santikutzen antolatzaile Juan Luis Ormazabalek.
Luzera-gogortasun aldagaietan, inguruko gogorrenetakoa da Meategietako mendatea. Gabirian, Ugaran bailaran meategietako zubian hasten da, hondakin-uren baltsapean. Mutiloako lurretan sartzen da gero, Ergoene auzoan. Bide estua da, asfaltatua, lehen bi kilometroetan zakartuta badago ere. Zerain-Aztiria portu ezagunera irteten da, eta beste bi kilometro geratzen dira gailurrera.
Luzeraz 5,7 kilometro da behetik Aztiriaraino. Maldaz, lehen kilometroak %5,8 du, bigarrenak %6,6, atzera 5,6, laugarrenean %7,9raino gogortzen da, 6,8 Aztirian gora, eta azkena 2,5ean. Batez beste, %5,93ko malda. 348 metroko diferentzia igotzen da.
Juniorrekin proban
Legazpin etaparen bukaerarako gorde zuten Meategietako portua. Asko gogortu eta hautsi zuen. Unai Iribar ibartarrak irabazi zuen.
Igoera aztertzeko, Ampo-Goierriko Txirrindularitza Bultzatuz elkarteko juniorrek igo dute HITZArentzat, Jon Ander Intsausti zuzendari eta profesional ohi mutiloarrarekin batera. Zortzi gazteek eta erakusleak taldean igo dute, lasai, argazkietarako denbora emanez. Baina gogorra iruditu zaie.
«Gogorrra da, Zeraindik Aztiriarako errepideko igoera baino gogorragoa. Ez baita uniformea, eta maldak eta atsedenguneak, tartekatzen dira. Errepetxoak gainera oso gogorrak dira, eta erritmoa puskatu egiten du. Ez da erraza igotzeko», azaldu du Intsaustik, Aztiria gainean.
Gabiriako eta Mutiloako meategien eremua zeharkatzen du bideak, hartarako ireki baitzuten. 1980-1990 hamarkadetako Exminesaren instalazio berriak daude lehen partean; Mañastegi, Gezurmuño eta Peatzako historikoak gorago, oinez egiteko ibilbide gidatuak sigi-sagaka inguruan dituela.
Eskalatzaileentzat ere, ordea, ez da portu erosoa, txirrindularien esanetan: «Ezin duelako erritmo bat konstante mantendu. Puskatu egiten da. Bukaera bai, polita da», dio mutiloarrak. «Bukaera niri gustatu zait, emateko aukera dago hor», gehitu du Danel Casais gazteak.
Borrokarako, beraz, toki aproposa da. «Hasiera eta bukaera ditu gogorrak», Unax Iztuetaren iritziz. Gabiriatik izan ordez, Mutiloako herri-kaskotik ere aldaera polita dauka; bidea are estuagoa izatea kalte. Lenkarandik Ergoenerako igoera 2.890 metro da luzean, eta 167 metro aldea.
Ibilbideen diseinurako aukera aberatsa eta ikusgarria izan daiteke Meategietako portua. «Denetarako da gogorra, baina etapa bukaeretarako oso polita da. Distantzia ere badauka. Hasiera etzanak gehiago ematera gonbidatzen du, eta pelotoia puskatzen da. Igoera polita da etorkizunerako. Bide estua da gainera, ziklismorako politagoa».